Energia elektrikoaren eroanbide linearen kontra agertu da udalbatzarra, aho batez. Gueñestik Ezkio-Itsasora doan 400 kilowatioko linearen baitan 45 metro altuko dorreak —bata bestetik 500 metrora legoke— aurreikusi dituzte, Udalari helarazitako informazioaren arabera.
Alternatiba bi zehaztu ei ditu Espainiako Ingurumen Ministerioak: Artatzan eragingo luke batak eta Bakixan besteak. Bion kontra agertu da udalbatzarra.
Arrazoitu dutenez, badago indar bereko beste linea bat Fauste inguruan, eta begi-inpaktua nahiz paisaia mailakoa nabarmenak lirateke, “nekazaritza eta paisaia balore altuko inguruan”. Sute arriskurik ez ei da, gainera, aintzat hartu, baso askoko inguruan izanik: “Bizi-kalitatea alternatiba biek txikitzen” dutela adierazi dute, “uhin magnetikoen eragina zenbatekoa izan daitekeen jakin gabe batez ere”, eta ez dute uste proiektua justifikatuta dagoenik, “bermatuta dago-eta energia”.
Eragin akustiko eta ekonomikoa ere aitatu dituzte, eta ez dela lurraren okupazioa aintzat hartu: “Barrera-efektua sortu daiteke faunan eraginez; gehiago oraindino Urkiola-Urdabai korridore ekologikoa ukituta”. Udalak argitu du ingurumen agiria falta dela, baina, hasieratik agertu gura dute kontrako jarrera.