Gaztetxearen erresistentzian jarraitzen dute Iurretan

Anboto 2009ko eka. 5a, 11:54

Astearte iluntzean okupatu ondoren, iturri atzeko etxean jarraitzen dute gazteek. Gaur goizean tentsioa egon da eta enpresa eraikitzailearen ordezkariak eta langileak bertaratu direnean.

Iurretako Gaztetxearen gatazkak aurrera jarraitzen du, eta gaurko egunak ere eman du zer esana. Goizean goiz, erreka alboko eraikin okupatua botatzera joan dira horren ardura daukan enpresako langileak. Gazteek erresistentzia jarri dute, eta tentsio momentuak bizi izan dira bertan.

Goizeko 8:00ak inguruan hurreratu dira langileak, makineria eta guzti, gaztetxe berrira. Eurekin batera, obraren arduraduna ere bertaratu da, eta eraikina botatzeko ahaleginetan hasi dira. Balkoiak botaz hasi dute euren ekinaldia. Gazteek, hori ikusirik, erresistentzia jarrera hartu dute, balkoi baten azpian ipiniz. Orduan hasi da giroa berotzen.

Bi aldeek bereari eutsi diote. Gazteak ez ziren bertatik mugitzen; enpresakoek ere ez zuten lana utzi nahi. Makinaren pala balkoian kokatu eta indarka hasi dira. Obraren arduradunak “ekin, ekin” esan dio langileari. Gazteek ,aldiz, zerbait gertatuz gero “erantzukizuna zuena izango da”, ohiukatu diete. 10 minutuz aurrera-atzera ibili ostean, langileak makina aldendu du; balkoiari ez zitzaion asko falta erortzeko.

Momentuz, gazteek bertan jarraitzen dute.



ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!