Botatzeko asmotan diren etxea okupatu dute Iurretan

Anboto 2009ko eka. 3a, 09:55

Aita San Migel plazako oinezkoen zubiaren ondoan dagoen eraikina okupatu zuten atzo arratsaldean 40 bat gaztek, Iurretako Gaztetxea izan dadin. 20:30 inguruan sartu, ‘Herri bat Gaztetxe bat; Gora Iurretako gazte Asanblada’ dioen kartela balkoitik eskegi eta atea oholekin tapiatu zuten, barruan lau-bost lagun geratu zirelarik.

Aita San Migel plazako oinezkoen zubiaren ondoan dagoen eraikina okupatu zuten atzo arratsaldean 40 bat gaztek, Iurretako Gaztetxea izan dadin. 20:30 inguruan sartu, ‘Herri bat Gaztetxe bat; Gora Iurretako gazte Asanblada’ dioen kartela balkoitik eskegi eta atea oholekin tapiatu zuten, barruan lau-bost lagun geratu zirelarik.

Udalak oraintsu hasi ditu plaza handitzeko eta eraberritzeko lanak eta okupatutako etxea botatzea aurreikusten du proiektuak. Gazteek adierazi dutenez, desalojora etorriz gero, euren asmoa “azkeneraino erresistentzia” jartzea da. “Plaza eraberritzea onuragarria da, baina etxe berriak eginda hainbat lokal Udalaren jabetzara pasatuko dira eta guk kalean jarraitzen dugu. Hauxe da uzten diguten aukera bakarra”.



“Etxe hori gurea da”

Okupatutako eraikina hutsik dago. Errekaren eta errepidearen arteko etxe berrietan daude orain han bizi ziren lagunak. Atzo arratsaldean obretako langileak bakarrik zeuden barruan azkenengo trasteak ateratzen. Horiek joan eta segituan sartu ziren 40 bat lagun eraikinera. Berehala hasi ziren mailu hotsak. Atzeko etxebizitzetako balkoiak kuriosoz bete ziren: “Ezin duzue hori egin, etxe hori gurea da”, esan zuen gizon batek: “Hemen bizi zirenak izango dira”, aipatu zion atea tapiatzeko egurrak ekartzen zebilen gazte batek besteari. “Oso zikin dago, dena hautsez betetan”,  komentatu zuen barrua mihatu eta kanpora atera berri zen neska batek; “Ez da txapistegia baino zikinagoa izango”, lagunaren erantzuna, orain urte gutxi okupatutako eraikinari erreferentzia eginez.

Orduerdia baino lehen amaitu zuten okupazioa. Ondoren, aurrera eramandako ekintzaren zergaitia jakinarazten duen oharra ipini zuten Iurretako portal guztietan.  Jakinarazi dutenez, Ertzaintzak irtenarazten baditu, larunbatean 12:00etan, Bertso Eguneko ekitaldiak hasi aurretik manifestazioa egingo dute protesta moduan.

Aurrekariak

Iurretako Gaztetxea Abadetxean egon zen. 2007an huts elektriko batek eragindako suak erre egin zuen Abadetxea Iurreta Gaztetxe barik utziz; Abadetxean beste hainbat elkarte ere bazegoen. Harrezkero, atzokoaz gainera, beste hiru lokal okupatu dituzte: txapisteria zena, frontoi ondoko txabola eta jubilatuen alboko udaletxe zaharra. Eraikin horietatik guztietatik desalojatu zituzten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!