Aita San Migel plaza handitu eta berriztatzeko lanak ekainean hasiko dituzte. Horrela jakin eragin du Iñaki Totorikaguena alkateak, eta horretarako, 100.000 euroko inbertsioa egingo du Udalak. Horrekin batera, Elixalden 100 metro koadroko jolasgunea egokituko dute (60.000 euro). Sanmigeletarako “itxuraldatuta” egongo da plaza. Aurretik, baina, bai Udaletxearen alboan dagoen etxea bai errekaren albokoa —oinezkoentzako zubiaren parekoa— bota beharko dituzte. Elixaldeko etxebizitzen enpresa sustatzailea arduratuko da horretaz. Udalak eman ditu hile bian egin beharreko lanok, oraingoa ordezkatuko duen oinezkoen zubi berria ere jasoz; jolasgunerantz mugituko dute. Obra zibila eginda dagoen arren, jolaserako tramankuluak lanak amaitzean jarriko dituzte.
Plazaren urbanizazioarekin koordinatuta eroango dituzte zubiko lanak. Tartean, Dantzariaren irudia ere lekualdatuko dute, Udaletxearen albora. Abadetxearen atzealdetik erreka albo guztia atonduko dute plazarentzat 400 metro inguru irabaziz. Altzairuak berriztatu eta argiteria “moderno eta eraginkorragoa” ere jarriko dute; errekarako hormigoizko barandaren lekuan aluminiozkoa ipiniko dute. “Inguru atseginagoa” sortu gura dute plazari “uniformetasuna” emanez.