Ardao jaia izango dute beste behin iurretarrek, zapatuan. Seigarren aldia daukan Okela eta Ardao Egunean Arabako Errioxako 10 upategik parte hartuko dute, eta eguraldia ere lagun izanez gero 40 bildots erreko dituzte burduntzian, hurreratutakoei pintxoak eskaintzeko; iazko bildots kopurua biderkatuko dute, Iñaki Totorikaguena alkateak argitu duen moduan.
Udalak, Arabako Errioxako Upeltegien Elkartearen laguntzarekin, eratutako Okela eta Ardao Eguna 11:00etan hasiko da eta 15:00ak bitartean Arabako Errioxako gura den beste ardao dastatzeko aukera izango dute bertaratuko direnek. Horretarako, baina, kopa erosi beharko da 2,50 euroan. Launa, Pérez Irazu, Señorío de las Viñas, Aguirre, Eduardo Jiménez Arrausi, Covila, Hermanos Pascual Miguel, Garcia de Olano, Vallobera eta José Córdoba upategien ardaoa probatzeko aukera emango dute.
Burduntzian erretako bildots pintxoak, berriz, 1,50 euroan salduko dituzte. Aurten, 40 bildots erre gura dituzte burduntzian; eguraldia lagun bada behintzat: “Iaz, 20 erre genituen eta ordubete inguruan dena amaitu zitzaigun. Aurten 40 erretzea aurreikusi dugu; eguraldiak laguntzen ez badu, 30 bat”, argitu du alkateak.
Puzgarriak eta dastaketa
Catavinum enpresaren eskutik ardao dastaketa ikastaroa ere izango dute, 12:00etatik 13:00etara. Horretarako, baina, izena eman behar da Ibarretxe kultur etxean aurretik; egunean bertan ere bai, ordu erdi lehenago, horretarako ipinitako stand-ean. Nobedade lez umeentzako gaztelu puzgarriak ere jarriko dituzte, 12:00etatik 14:30 arte, udal arduradunek gogorarazi dutenez.