Izan ere, zenbait eraikinetan fatxadaren bitartez eta lur publikoa hartuz baino ezin da igogailua jarri, Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu lez.

Eskariak maiatzetik aurrera
Maiatzaren amaieran aurreikusi dute tramite guztiak amaituta egotea eta eskariak egiteko aukera zabaltzea. Aurretiko azterketa indibidualizatua eskatuko da baimena emateko. “Irisgarritasunerako eskubidea eta hiri-ingurua uztartu gura ditugu, kalterik sortu gabe”, nabarmendu du Totorikaguenak. Lur publikoa hartzea “ezinbestekoa” dela ere arrazoitu beharko da.
Diru-laguntzak ere arautu dituzte
Igogailuak jartzeko ez eze, bizitegi kolektiboko erabilerako eraikinetan fatxadak eta estalkiak zaharberritzeko diru-laguntzak batzen dituen udal-ordenantza ere onartu du udalbatzarrak. Denen adostasunarekin onartutako araudiak traba arkitektonikoak kentzeko laguntzak ere jasotzen ditu.
Bizilagun komunitateari bideratutako laguntzotarako —edo eraikinaren ugazaba bakarrari— 50.000 euro gorde dituzte udal aurrekontuan, eta aurkezten den aurrekontuaren %20ra arteko laguntza jaso ahal izango da; gehienez, 10.000 euro. Aitatzekoa da laguntzok Jaurlaritzak Etxebideren bitartez ematen dituen laguntzekin bateragarriak direla. Inguru publikoa mantentzea da helburua, Iñaki Totorikaguenaren berbetan: “Hiri-inguruaren kontserbazioa hobetzea. Ez da sasoirik onena, baina laguntzak hor dagoz eta denboran aurrera mantentzea da asmoa”.