Azken ukituak baino ez dituzte falta 1,3 milioi euroko inbertsioa eskatu duten Bixente Kapanaga kaleko urbanizazio lanak amaitzeko. Altzariak jartzea geratzen da, eta datorren astean aurreikusi du Udalak kalea trafikoari zabaltzea.
Hala azaldu du Iñaki Totorikaguena alkateak. Hala ere, 90.000 euro inguruko soberakina egon da, eta hori Dantzari ingurua konpontzera bideratuko dute: “Herriguneari jarraipena emanez konponduta dago Dantzariko zati bat. Bixente Kapanaga, Bidebarrieta eta Askondo arteko zatia, baina, zaharkituta geratu da eta hori ere urbanizatu gura dugu, inguruari identifikazio gehiago emateko”. Bidegurutzea hobetu gura dute eta “batasuna” eman.