Durangaldeko gazteei aisialdirako “egitarau alternatiboa” eskaini guran sortu dute Kimuak aisialdi elkartea Iurretan. Pausoak ematen hasi berri da hamabi lagun inguru batzen dituen elkartea, eta harrera ona itxaroten dute eskualdeko gazteen artean.
Orain buru-belarri sartuta dabiltza udalekuak antolatzen. Getxotik Zarautzera udaleku ibiltaria antolatu gura dute, ekainaren 29tik uztailaren 12a bitartean. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 4. mailatik 18 urtera arteko neska-mutilei zuzendutako eskaintza da hori.
Bestalde, Lehen Hezkuntzako 4. mailatik eta DBHko 2. maila arteko gaztetxoei begira udaleku finkoak prestatzen dihardute; uztailaren 14tik 27a arte, Albenizen. Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea, jakin eragin dutenez. Horretarako, Ibarretxe kultur etxera edo martxoaren 24an eta 26an Durangoko Kurutziaga ikastolara hurreratu daiteke; kimuak@kimuak-elkartea.com helbide elektronikora ere bidali daiteke mezua.
Kimuak aisialdi elkarteak, oraingoz, udalekuetan jarri ditu indar guztiak; azaldu dutenez, hala ere, ez dute baztertzen gaztetxoentzako bestelako ekitaldirik ere antolatzea.