Hilerria bigarrenez handituko dute udal arduradunek, udalerrian dauden nitxoak bete egin direla ikusita. Lehenengo handitzearen eta Zaldabi bidearen artean dagoen 2.577 metro koadroko lursaila egokitu gura du Udalak epe labur-ertain batean, eta bertan 200 inguru nitxo barri eraiki; “etorkizunera begira izan daitezkeen eskariei aurre egin ahal izateko”. Hala jakin eragin gura izan dute udal arduradunek.
Mailakatuta, lursailen hondoratutako zabalgune lez ulertu daiteke hilerriaren bigarren handitze egitasmoa, emandako azalpenen arabera: “Jatorrizko zabalgunea ez da ia aldatuko, eta begi-inpaktua be ez da ia nabarituko”. Gaineratu dutenez, lursailera egokitutakoa da Angel Basabe arkitektoaren egitasmoa, “begi eta paisaia inpaktua txikituz”. Egitasmo “ausarta eta ingurumenarekiko adeitsua” ei da landu barri dute proiektua.
660.000 euro inguru
Etorkizunerako handitze bati begira, erdiko pasealekua neurri txikiko kolunbarioz estaliko dute, argitu dutenez, eta “lehenengo handitzeko parterre laukietan eraberritze zehatzak” egingo dituzte, nitxoak lerrokatuta geratuko direla. Denera, 661.454 euroko aurrekontua eskatuko duen egitasmoa da, eta Herri Administrazioetako Ministerioaren Toki Inbertsioen Estatuko Fondoen diru-laguntzak jasotzea da Iurretako Udalaren asmoa. Horretarako beharrezko den dokumentazioa igorri dute dagoeneko.