Gabonei begira antolatutako ekitaldien artean, aurten, umeentzako olgetalekua ere izango dute iurretarrek. Abenduaren 26an, 29an eta 30ean, ume eta gazteentzako ludoteka, gaztelu puzgarriak eta tailerrak izango dira, besteren artean, Olaburu frontoian.
Umeentzako olgetalekua 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara izango da zabalik, 12 urtera arteko ume eta gaztetxoentzat.
Horrezaz gainera, iaz 100 ume inguru batu zituen Poni-pin-a ere izango da urteko azkenengo egunean, 10:00etatik 13:00era. Zelai-Alai zalditegian hainbat jarduera izango dute gaztetxoeenek. Aitatu dezagun Udalak autobusa ere jarriko duela bertaratzeko.
Urtero lez, Olentzerori harrera egingo diote iurretarrek abenduaren 24an, 12:00etan, Ibarretxe kultur etxean. Urtarrilaren 5ean, berriz, Erregeen kabalgatak ere ez du hutsik egingo; aurretik, umeentzako erromeria antolatu dute Begira taldearekin, Askondon.
Abenduko koplak eta umeetzako antzerkia
Gutun eta postal lehiaketa antolatu dute Dendak Durango eta Iurretako merkatari elkarteekin batera eta, usadioari eutsiz, abenduko koplak abesten irtengo dute herritarrek abenduaren 23an, 10:00etan, Aita San Migel plazan. Aitatu dezagun, abenduaren 19an, Ino, Ino, Ino, badator bombardino (Anne, Monna, Oskola eta Karramarroi) antzezlana ikusteko aukera izango dela, 10:30ean, Ibarretxe kultur etxean —eskolekin hitzartutako saioa da hori — . Iluntzean, 20:00etan, Albert Estengre (Katalunia) ipuin kontalariak El sexo no bendito kontaketa eskainiko du.
Olentzerori gutunak uzteko aukera ere izango da Ibarretxe kultur etxean, abenduaren 19an.