Adolfo Abasolo preso iurretarrari lehenengo ongietorria egingo diote herrikideek Montoian, eguaztenean, azaroaren 26an. Datorren zapaturako, berriz, bazkaria eta ekitaldia ere antolatu dituzte herri-eskolan; txartelak hilaren 24a arte dagoz salgai Iurretako Ibaiondon eta Durangoko Intxaurren.
2003an Bizkaiko Auzitegiak jarritako kartzela zigorra osatzeko falta zituen sei hilabeteak bete behar izan ditu Abasolok espetxean.
HBko mahai nazionalaren espetxeratzearen aurka 1997ko otsailaren 15ean egindako manifestazio batean gertatutako istiluen ondorioz atxilotu zuten Abasolo. Gertaera horiengatik bost lagun epaitu zituzten 2003an Bizkaiko Auzitegian, eta hiru kartzelaratzeko agindua eman zuen epaileak; euren artean, Adolfo Abasolo iurretarra.
Baliogabetutako epaia
2006an Espainiako Auzitegi Gorenak epaia baliogabetu zuen, eta aske geratu ziren Abasolo, Ussia eta Velez. Hirurak, baina, berriro atxilotu zituzten joan zen maiatzean, 2003an Bizkaiko Auzitegiak jarritako kartzela zigorra osatzeko faltan zituen sei hilabeteak betetzeko. Zigor hori betetzean aske geratuko da preso iurretarra datorren astean. Abasolori ongietorria emateko ekitaldiak eratu dituzte herrikideek.