Udaltzaingoaren eta zerga-biltzailearen kokapen berria izango den eraikina —Cannon enpresa zena— zaharberritzeko 440.000 euro erabiliko ditu Udalak, eta horri aurre egiteko Abadetxerako gordetako 400.000 euroak bideratuko ditu, aurten gai horri heltzerik ez dela izango-eta.
Abadetxeak errekaren ubidea hartzen du, eta ezertan hasi aurretik Uren Euskal Agentziaren txostena behar duute: “helarazi ditugu eraikinaren ezaugarriak, baina ez dugu erantzunik jaso”, dio Totorikaguena alkateak.
Udalak 283.000 euro izan ditu gordeta Bidebarrieta eta Askondo arteko eraikin hori (215 metro koadro) berriztatzeko, baina, egitasmoa eginda aurrekontua igo egin da: “Udaleko zerbitzuak deszentralizatzea eta herrira hurreratzea da helburua, baina, hori besteko garrantzitsua, edo gehiago, herrigunea biziberritzen laguntzea da”. Goiuria ikastola zaharberritzeko lanak be horrekin lotu daitezke. Horretan “traktore” izan behar du Udalak, alkatearen berbetan; “ageriko erreferente” eta “herritarrentzat eredu”.
Udalak 300.000 euroan erosi zuen eraikina konpontzeko lanak aurten eman gura dituzte. EAJk eta EB-berdeek egin dute alde. Besteak abstenitu egin dira. PP, hainbeste diru desbideratzea ondo ez ikusita, eta, PSE-EE, erregistroa lako zerbitzu batzuk eroango lituzkeela iritzita.
Akordiorik lotu gabe
Abadetxea erosteko negoziazioek lehengoan diraute. Alkateak argitu duenez, ez da akordiorik lotu, erosteko asmoarekin jarraitu arren. EAJk liburutegia eta taberna jarri gura ditu hor.