Zerga eta tasek, orokorrean, %4ko igoera izango dute 2009an. Kultur tailerrak dira salbuespen; horretan %10eko igoera onartu dute-eta.
Azken horri PSE-EEk “gehiegizkoa” deritzo: “Igoera moderatuagoa egin behar genuke, eta egoera hobeei itxaron”. Ondasun Higiezinen Gaineko zergan (OHZ) alokairuan jarritako 2. etxeagatik %75eko hobariari ere ez deritze egoki.
Egoeraz jabetu arren, “aurrekontuari segurtasun ekonomikoa” eman gura dio EAJk, eta, OHZko hobariarekin “gazteei alokairuan etxebizitza eskaini”. EB-Berdeek ere egoki deritze, gaintasa jartzearen alde egon arren: “Konplikatua izan daiteke hori, eta gura duguna da etxe hutsak kaleratzea; babestutako etxerik ezin dugu eskaini oraingoz”. PSE-EEk, baina, “gehien daukanaren alde” dihardutela uste du; eta etxe huts “gutxi” dagoela.
Kontsumo Prezioaren Indizearen (KPI) azpitiko igoera “arrazoizko” eta “moderatuarekin” ados dago PP, iaz %2,5 igo zirela gogoratu arren. “Udalak diru gutxiago jaso du eta zerbitzuak mantendu dira. Ikastaroen gastua orekatzera ere jo behar dugu. Beraz, igoerak egokia dira”. Zirkulazio eta garajeetako sarreren gaineko tasak zeudenean uzteko eta zabor eta estolderian igoera %3,5ekoa izateko sozialisten proposamenak ez dituzte onartu; zeharkakoagoak diren tasa eta zergak igo beharko liratekeela diote. PSE-EE eta Borja Ulibarri zinegotzia abstenitu egin dira. Besteek alde egin dute.