Egitura administratiboa aldatuko du Udalak

Anboto 2008ko ira. 11a, 15:38

Erantzuteko epeak laburtzeko Udalaren egitura gaur egunerako eta etorkizunerako egokitzea, eta, lan-kolokatasuna baztertu egonkortasuna emateko: helburu nagusiok betetzeko Udalaren berrantolaketa administratiboa egingo dute.

Erantzuteko epeak laburtzeko Udalaren egitura gaur egunerako eta etorkizunerako egokitzea, eta, lan-kolokatasuna baztertu egonkortasuna emateko: helburu nagusiok betetzeko Udalaren berrantolaketa administratiboa egingo dute.

“Udala gaur egunera eta etorkizunera egokitu beharra dago. Industria zein bizitokietarako unitateak garatzeko dagoz, eta ez gara %20ra heltzen”, dio Iñaki Totorikaguena alkateak. Udalaren jarduera “arintzeko oinarri garrantzitsua” izango dela uste dute: “Arintasuna eta erronkei aurre egiteko gaitasun nahikoa ematea da helburua. Egitura piramidala sortu eta ahal den neurrian ardurak banatu gura ditugu”. Legealdia amaitzen denerako prozesua bideratuta utzi gura lukete.

Epe laburrean “berehalako” neurri multzoa aurreikusi dute: administrazio laguntzaile eta goi-mailako teknikoen lan-poltsak sortzea, idazkariaren alboko abokatu lanpostua ateratzea eta idazkaritza funtzioak delegatzea. Udalhitzen araberako lanpostuen ordainsari mailarako egokitzea ere egingo da.

Epe ertainean organigrama berria sortuko dute eta lanpostu zerrenda berria kaleratu; 18 lanpostu aurreikusi dituzte: 8-9 administrazio laguntzaile, 7 teknikari —hirigintzarako goi-mailako tekniko bi eta kulturarako bat, tartean– eta udaltzaingo, industria ingeniari eta zerga-jakinarazle bana. Oraingo lan-taldearekin (18 dira funtzionario eta 12 lan-legepeko kontratupekoak) beteko dira gehienak. Sei lirateke berriak.

Proposamenaren alde agertu da PP; kontra, berriz, PSE-EE. Informazio falta salatu dute eta arazoa konponduko denik ez dute uste: “Berrantolaketa behar da, baina administratzaile laguntzailetik teknikora pasatzen gara. Mailaren ordainsaria egokitzeko, berriz, lanpostu-zerrendaren balorazioari itxaron beharko genioke. Maila jerarkiko zuzena egiteko ere bai. Gauzak denboraz egin behar dira”. Zalantzak agertu dituzte idazkariaren alboko abokatu lanpostuarekin ere.

EB-Berdeak abstenitu egin da ordainsari mailaren egokitzeari zein idazkariaren alboko abokatu lanpostua ateratzeari dagokion puntuan. “Egokitzearekin ados gaude, baina balorazioa etorriko da gero. Hori guztia langileekin bateratu beharko litzake”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!