Goiuria ikastolan elkarteei lekua egin gura die

Anboto 2008ko abu. 28a, 13:37

Goiuria ikastola zaharberrituta sortuko den kultur azpiegitura berrian lekua hartzeko interesa agertu dute herriko elkarte gehientsuenek; denera, 10 elkartek. Halaxe esan digu Iñaki Totorikaguena alkateak. Irailean bertan eman gura ditu zaharberritze-lanak Gobernu Taldeak, eta urte amaieran azpiegitura berria gertu eduki gura lukete. Gero altzariak jarri beharko dituzte.

Goiuria ikastola zaharberrituta sortuko den kultur azpiegitura berrian lekua hartzeko interesa agertu dute herriko elkarte gehientsuenek; denera, 10 elkartek. Halaxe esan digu Iñaki Totorikaguena alkateak. Irailean bertan eman gura ditu zaharberritze-lanak Gobernu Taldeak, eta urte amaieran azpiegitura berria gertu eduki gura lukete. Gero altzariak jarri beharko dituzte.

Herriko kirol, kultur edo elkarte sozialei “irtenbidea” eman gura dieten behin betiko egitasmoa ei dauka Udalak, eta egokitze lanetara 285.000 euro bideratzea aurreikusi dute. Lekua erabiltzeko moduan 2009ko lehenengo hiruhilekoan gura lukete egotea.

“Adostutako egitasmoa”

Goiuria ikastola izan zen eraikinean herriko elkarteek euren jardunerako leku “egokia” izatea gura dute udal arduradunek. Totorikaguenak azaldu duenez, elkarteekin “adostutakoa” da egitasmoa.

Bi-hiru batzar egin dituzte eurekin, eta erabilera askotariko lekua egokitzea erabaki. Batzar-gelak, lan-gelak, bulegoak, biltegiak, eta baita aldagela eta dutxak ere, jasotzen ditu egitasmoak, alkatearen berbetan.
Osotara 25 metro koadro batzen dituzten zortzi biltegi egokituko dituzte, era berean, 80 metro koadroko espazio diafanoa egokituko dute eta behar bada espazioa zatitzeko tabike mugikorra ere egingo dute. Goiuria ikastolak erabilgarriak diren 230 metro koadro ditu.
Lekua “autogestionatua” izatea da asmoa, alkateak azaldu duenez: “Ez dugu arduradun bat egotea aurreikusi. Hala ere, batzordean aztertu beharko da hori. Funtzionamendu araudi bat  finkatu beharko da eta ordutegia zehaztu”. Intsonorizatuta egongo ei da, bestalde: “Hala ere, ez da musika taldeen kontzertu edo entseguetarako lekua izango”.
Elkarte guztiei zabalik
Gazte Asanbladak lekua izango duen galdetuta, zera dio alkateak: “Ez dugu inolako arazorik Udalak eskainitako baliabide eta erremintak edozein taldek erabiltzeko. Eskaera bakarra egiten dugu: figura juridikoa sortzea. Gainerako talde eta elkarteei eskatzen jakena da. Bertan kontzertuak antolatzerik ez lukete izango, baina baliteke aukera izatea bestelako baliabideak erabiltzeko”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!