Oinezkoentzako lekua irabaziko dute lanokin; izan ere, Askondon hasita lau metroko espaloiak jarriko dituzte ia Bixente Kapanaga osoan. Horretarako, dauden 30 bat aparkalekuak desagertu egingo dira.

Zubiaurren lez, lurpeko zaborrontziak jarriko dituzte Amilburu eta Dantzarin; zabor organikorako hiru, eta, paper eta kartoientzat, beirarentzat eta ontzientzat bana. Galtzada eta espaloia maila berean jarriko dituzte eta bost zebra-bide jarriko dituzte, legediak dioena betez, ikusmen urritukoentzat egokituta. Aitatu dezagun informazioa emateko Led pantaila ere jarriko dela Askondon.
Jaiak bete-betean
Bete-betean harrapatuko dituzte Sanmigelak: “Eragozpenak sortuko dira eta zelan bideratu aztertu beharko dugu lanak eroango dituen enpresarekin, baina, hasi beharrean gaude, urtea amaitzean zati handiena eginda izan eta erakundeetako diru-laguntzak lortzeko”. Aparkalekuak kenduko direla-eta arazorik sortuko denik ez du uste alkateak: “Hor dago betetzen ez den Ibarretxeko aparkalekua (125 leku) edo Tellitukoa (75 leku), eta Bidebarrietako 100 bat aparkalekuak; Padureta (200 leku) kontuan hartu gabe”.