Denera, 80.000 euroko inbertsioa eskatu duten frontoiko berriztatzen lanen lehen zatiarekin amaitzeko azken ukituak baino ez dituzte falta. Uztarria konpondu eta estalkia estalita, izena ipini eta txukuntzea geratzen da, Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez: “Brigadakoek probalekuaren teila berritze-lanetan ere badihardute”. Orain, sarbidea egokituko dute.
Erabilera askotariko azpiegitura lez aprobetxatu gura dute frontoia, eta horretarako sarrera egokitu beharrean dagoz. Oinezkoentzako arrapala eta eskailerak kenduko dituzte, ibilgailu eta kamioiek ere sartzea izan dezaten: “Orain ezin dute, eta askotariko materialak sartzeko traba da hori. Kokapen ona dauka frontoiak, eta pilotan jarduteko den eta izango den arren beste ikuskizun edo jarduerak hartzeko ere egokia izan daiteke”, dio alkateak.
Egitasmoa prestatzen dihardute, eta aurrekontuan 80.000 euroko atala dauka gordeta Udalak. Hala ere, ez dakite nahikoa izango den eta garaiz ibiliko diren lanak aurten edo 2009an hasteko. Frontoia berriztatzeko lanen 2. zatia litzake hori, eta, horrez gain, jarleku jarraituak indibidualengatik aldatuko dituzte eta harmailako goialdera heltzeko jasotze-sistema jarri. Aldagelak berriztatu gura dituzte 3. zati baten, eta epe ertain-luze batera probalekua estali: “Ikusteko dago teknikoki posible den edo inbertsioak merezi duen”.