
Aurtengo udal aurrekontuak aurreikusi du herrigunean lokala erostea, horrela, hainbat udal zerbitzu herrigunera eroan ahal izateko. Horretarako, 300.000 euro gorde dituzte udal arduradunek; hala ere, orain arte zehazteke izan dute zein lokal erosi eta zeintzuk zerbitzu eroan bertara. Alkateak azaldu duenez, lokal hori dagokion lez egokitzen 200.000 euro inbertitzea aurreikusi dute.
Udaltzaingoak izango du lekua bertan, eta baita zerga-biltzaileak ere.
Herriko alkatearen berbetan hiru helburu nagusi ditu Udalak proposamen horrekin. Alde batetik, “zerbitzuak herritarrei hurbiltzea” –batez ere, Udaltzaingoa– eta, beste alde batetik, dioenez, udaletxean duten “leku faltari erantzutea”. Hirugarren helburu bat litzake, “herrigunean dauden lokalak okupatzen joatea”.
Beste alde batetik, Goiuria ikastola zena zaharberritzeko egitasmoa onartuta dagoela azaldu du herriko alkateak. Esleipenerako tramitazioa hastea falta du. Bertan herriko talde eta elkarteei eskaini gura dio lekua Udalak.