Arabako Errioxako ardaoa dastatzeko hitzordua

Anboto 2008ko mai. 14a, 10:21

Arabako Errioxako Upeltegien Elkartearen laguntzarekin V. Okela eta Ardao Eguna izango dute zapatuan, maiatzaren 17an.

Arabako Errioxako Upeltegien Elkartearen laguntzarekin V. Okela eta Ardao Eguna izango dute zapatuan, maiatzaren 17an.

Bederatzi upeltegik parte hartuko dute Askondo kalean egokitutako azokan, eta nobedade moduan, ardo dastaketa ikastaroak eskainiko dituzte, Catavinum enpresaren eskutik; baita burduntzi erako bildots pintxoak ere, txahal errearen ordez. Halaxe azaldu dute antolatzaileek.

Bildots pintxoak eta Arabako Errioxako ardaoa dastatzeko aukera izango dute hurreratuko direnek, 11:00etatik 15:00ak bitartean. Ardao ikastaroak, berriz, 12:00etan eta 13:00etan hasiko dira, argitu dutenez. Jorge Martinez Fernandezek gidatuko ditu horrek, ardao dastaketan diplomatua eta injineru agronomoa bera. Bost-sei ardao eskainiko dituzte eta horiek dastatzeko pausoak erakutsi.

Hiru euroan salduko da Arabako Errioxako hainbat ardao dastatzeko kopa. Gura beste ardao dastatzea izango da Askondon egokitutako erakustokietan kopa horrekin, eta bildots pintxoak probatzeko txartelak 1,5 euroan salduko dituzte. Guztira, 20 euskal esne-bildots eskainiko dituzte.

Geroago eta harrera “hobea” dauka Ardao eta Okela Azokak, Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez. “Geroago eta jende gehiago hurreratzen da eta pozgarria da. Upeltegiek ere erakutsi dute interesa. Aurten, inoiz baino gehiago datoz: bederatzi; aurreko urteetan 6-7 etorri izan dira. Lekua mugatu dugu, gainera; beraz, azokak harrera ona daukanaren seinale”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!