A-8ko 3. errailak izapidetutako egitasmoei ez eragite eskatu dute

Anboto 2008ko api. 14a, 16:31

Iurreta eta Gerediaga (Abadiño) arteko A-8 autobideko zatian hirugarren erraila eraikitzeko bide-plan bereiziaren aurrean jada izapidetuta dauden hirigintza lanei ez eragitea eskatuko du udalbatzarrak: Larrakozelaiko Kirol-Kultura-eta-Hezkuntza Plan Berezia eta Elizosteko etxebizitzetarako lur urbanizagarria, hain zuzen ere.

Iurreta eta Gerediaga (Abadiño) arteko A-8 autobideko zatian hirugarren erraila eraikitzeko bide-plan bereiziaren aurrean jada izapidetuta dauden hirigintza lanei ez eragitea eskatuko du udalbatzarrak: Larrakozelaiko Kirol-Kultura-eta-Hezkuntza Plan Berezia eta Elizosteko etxebizitzetarako lur urbanizagarria, hain zuzen ere. 

Bizkaiko Foru Aldundiak onartutako bide-plan bereziaren barruan batzen da gurpil-bideko ibilgailuetarako galtzadaren kanpoko muga zehazten duen lerro zuri berriak orain arteko eraikitze-lerroa 50 metro mugiaraztea. Horren aurrean eskatu dute dagoeneko izapidetuta dauden hirigintza-lanoi ez eragitea. Horrezaz gainera, hirugarren erraila eraikitzeko proiektuaren behin behineko onespenari urte hasieran egindako alegazioak berretsi dituzte. Alegaziook bide-plan bereziak bideratu beharko dituela diote.

Pantaila akustikoak jartzeko aukera aztertzea eskatu izan du Udalak autobide inguruko “bizi-kalitatea ez kaltetzeko”. Olaburuko oinezkoentzako pasabidea ordeztea ere eskatu du, mendebaldera mugituz eta pasabidearen arrapala egungo bidearen kotan hasiz (Iberdrolaren azpiestazioaren eta autobidearen artekoa). Bestalde, azpiestazioaren eta Lanbide Heziketa zentroaren artean Txonpolo inguruan aurreikusitako errepiderako nahikoa zabalera mantentzea eskatu dute udal arduradunek.

Beste alde batetik, Elizosteko plan partzialaren eta horren eta Goiuria auzorako errepidearen arteko bide-loturaren garapen egokia lortzeko alegazioa ere aurkeztu izan dute: “Zubiko branken hegalak kofradia horretara heltzeko errepidearen gainean egin beharko lirateke, BI-3341ean doan errotonda berriari ez eragiteko”. Garaizarren ordeztuko den zubian metro biko espaloiak egokitzea ere gura dute.

Hirugarren erraila eraiki gura da Iurreta eta Gerediagako (Abadiño) zatian. Era berean, Gerediagan, sarbide-gune berria.

Larrakozeilaiko egitasmoa

Larrakozelaiko egitasmoarekin lotutako diru-atalik ez da gorde 2008ko aurrekontuan. Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duen moduan, “aldaketa tekniko” batzuk egin beharrean daude eta, ondoren, horri dagokion barne-erreformako plan berezia onartu, behin behinekoan. Horren ostean, lurren gestioa hasi beharko luke Udalak: “84.000 metro koadro eskuratu beharko genituzke”. Igerilekuak eta futbol zelaia aurreikusi dituzte, “bertoko futbol zelaiaren barrenetik autobideranzko lurretan”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!