
Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailaren arabera , atxilotu biek Gorka Lupiañe ustezko etakideari “babesa” ematen zioten. Espainiako Barne Ministerioak joan zen astean zabaldutakoaren arabera, “terrorista bilatuenen” zerrendakoak ziren biak. Efe berri agentziak dio, Aldeko-Otalorak eta Salterainek aitortu egin dutela Lupiañez etxean hartu zutela, baina, ustezko etakidea zenik jakin gabe. Laguna duelako hartu zuten Aldekoa-Otalorak, Eferen arabera, eta orduan Lupiañezek esan zion “familia arazoak” zituela.
Lupiañez abenduaren 7an atxilotu zuen Guardia Zibilak Berrizen eta inkomunikazioaldian torturak jasan zituela salatu zuen.
Ertzaintzak jakitera eman zuen Lupiañez preso hartu eta gero hainbat etxebizitza zituztela kontrolpean, tartean, Iurretako baserri bat. Kontrol horrek ahalbidetu zuen, Herrizaingo Sailaren arabera, Aldekoa-Otalora eta Salterainen atxiloketa, ertzainek bertatik irteten ikusi zituztelako. Atxiloketa "pakturik" edo "negoziaziorik" egon denik ukatu du Herrizaingo Sailak eta berretsi du "kalean atxilotu" zituztela, "polizia operazio baten identifikatu ondoren".
Askatasunak gogoratu izan du Lupiañezen “torturapeko deklarazioen ondoren”, eta beren kontrako akusazioen berri izan ondoren, euren buruak Auzitegi Nazionalean aurkezteko eskaria egin zutela Oroitz Aldekoa-Otalorak eta Agurne Salterainek. Gaineratuz, hitzordua jaso zain zeudela euren gurasoen etxean.
Udalbatzarrari eskaera
Errepresioa ez da bidea. Ota eta Agur askatu zioen pankarta batekin sartu ziren hainbat herritan, atzo, udaletxean deitutako ohiko osoko bilkuran. Bertaratutakoek gertakizunen ikerketa egitea eskatu zioten udalbatzarrari: “Non eta zelan atxilotu zituzten ez dakigu; gurasoen etxean izan ez zela badakigu. Zer gertatu den argitzeko konpromisoa eskatzen dugu”. Aldi berean, Ertzaintzaren jarrera “neurrigabekoa” eta “larderiatzailea” salatu zuten. Herritik kanpora bota zituztela salatu zuten eta lagun bi zauritu zituztela.
Atxilotu zituzten egunean, herria ertzainen eta hedabideetako kameraz “josita” zegoela nabarmendu zuten eta horrek “muntai politiko-mediatiko eta poliziala” izan denaren susmoa sortarazten diela. “Aldekoa-Otaloraren gurasoak 10:00etatik goizaldeko 01:00ak arte izan zituzten erretenituta baserrian eta ez ziguten hurreratzen ere utzi”.
"Arduragabekeria" egotzi diote alkateari
Iñaki Totorikaguena alkateak gertatutakoaren berri hedabideen bitartez jakin zuela azaldu zuen bertaratutakoek gertaeren berri izateko familiarekin edota Herrizaingo Sailarekin hartu-emanean jarri zen galdetzerakoan. Horren aurrean, “herrian izandako gertaerekiko arduragabekeria” egotzi zioten: “Herritarren ongizatea bermatzea da zure ardura. Ertzainek inguratuta izan zen baserria eta Amatza auzoko bertako bizilagunak ere ezin izan zuten hurreratu”. Aurretik torturak salatu izan direla gaineratu zuten.
Gertaerak “gaitzestea” eskatu zuten bertaratutakoek, “bestelako ekintza batzuen aurrean egin bezala”. Familiarekin hartu-emanean jartzeko konpromisoa hartu zuen alkateak, “eta egoera arintzeko zerbait egiterik bada egiteko” ere.