Eguzki-energia bidezko zortzi farol jarriko dituzte San Marko auzoan

Anboto 2008ko ots. 26a, 19:31

Iurretako San Marko auzoan eguzki-energia bidezko zortzi farol jarriko dituzte. Egitasmoa onartu berri du Udalak eta 40.000 euroko aurrekontua zehaztu dute.

Iurretako San Marko auzoan eguzki-energia bidezko zortzi farol jarriko dituzte. Egitasmoa onartu berri du Udalak eta 40.000 euroko aurrekontua zehaztu dute.

Baldintza-orria egin ondoren enkantera aterako dituzte lanak eta hile bi barru lanak eman ahal izatea itxaroten dute. Halaxe azaldu du Iñaki Totorikaguena alkateak.

San Marko 20 baserri inguru dagoz eta bakoitzerako bidegurutzeetan jarri gura da argiteria. Baita San Marko ermitan eta auzoan dagoen elkartean. Iaz ere jarri zituzten eguzki-energia bidez diharduen hiru farola San Markon proba moduan eta aurten beste zortzi jartzea erabaki dute.

Energia berriztagarrien eta garapen jasangarriaren aldeko “apustua” egin du Udalak, Totorikaguenaren berbetan: “Hala ere, horrezaz gainera, egia da, sare elektrikoa holako auzoetaraino eroatea nahiko konplexua dela ere bai. Bi gaiok uztartzen ditugu horrela”.

Auzoetan eguzki-energia bidezko argiteria jartzea gura du Udalak: “Aurten ez dugu aurreikusi beste auzoren baten argiteria jartzea. Hala ere, San Markon lez, era global baten, beste auzo batzuetan ere bide bera jarraitzea da helburua. Askotan badago ja argiteria. Dena den, urtero azterketa egin beharko dugu non eta zelan jarri daitekeen ikusteko”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!