Autobidearekiko lotune berriak 7 milioi eurotik gora eskatuko ditu

Anboto 2008ko urt. 21a, 13:31

A-8 autobidea eta N-634 errepidea batu eta elkartrukatzen diren inguruan trafiko fluxua berrantolatu guran, autobidearen eta Iurreta eta Durangoko bideen lotunea eraikitzeko egitasmoa landu du Bizkaiko Diputazioak, Tabirako (Durango) biribilgunearekiko lotura ere jasoaz.

A-8 autobidea eta N-634 errepidea batu eta elkartrukatzen diren inguruan trafiko fluxua berrantolatu guran, autobidearen eta Iurreta eta Durangoko bideen lotunea eraikitzeko egitasmoa landu du Bizkaiko Diputazioak, Tabirako (Durango) biribilgunearekiko lotura ere jasoaz.

Errepide “arinagoa” eta “seguruagoa” bideratu gura duten lanotarako 7.118.000 euro aurreikusi dituzte, eta Excavaciones Cantabricas S. A. eta Asfaltados Uribe S.A. enpresek osatutako aldi-baterako enpresak eroango ditu; urtebete beharko dute.

A-8 autobidearen ordainlekuen inguruan hasi eta herriaren N-634 errepidearekiko lotunera arteko gunean garatuko dira lanak: ezkerrera biratzeko ‘T’ itxurako elkarguneak kenduko dituzte eta biribilguneak ipini. Industriguneetatik eratorritako bide-jarioa banandu gura dute, eta ibilgailu eta garraio publikoaren artean partekatutako erabilera sustatzeko aparkalekua (etorkizuneko suhiltzaile etxetik gertu) egokitu.

Bestalde, ordainlekuaren alboko N-634 eta BI-623 errepideen lotuneko hiru elkarguneetan biribilgune bana ipiniko dute, eta herriguneraino oinezkoentzako ibilbidea atondu.

Alegazioak

Egitasmo horren aurrean alegazioak aurkeztu ditu Udalak. N-634aren paraleloan eta BI-623ko zubiaren azpitik herrirako erreiaren paraleloan doan oinezkoentzako bidearen (12 m) zabalera trazadura osoan mantentzea eskatu du, eta horren eta errepidearen artean berdeguneak tartekatzea.

Bestalde, saneamendu-sare orokorra N-634tik banandu eta BI-623ko zubiaren azpitik gasolindegiaren parera doan beste batekin ordeztea ere proposatu du, eta baita Bidebarrietako saneamendua gasolindegira luzatzea ere, eta gurutzaketa egitea, N-634an etorkizuneko suhiltzaile etxerako lotura bermatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!