Onartutako "anbizio handiko" aurrekontuaren erdia batzen du inbertsio-atalak

Anboto 2008ko urt. 15a, 14:06

Gobernu Taldeak 10,5 milioi euro inguruko udal aurrekontua atera du aurrera 2008ari begira. Inbertsio atalak, berriz, Iñaki Totorikaguena alkatearen berbetan “anbizio handiko” udal kontuon erdia hartuko du: 5,2 milioi.

Gobernu Taldeak 10,5 milioi euro inguruko udal aurrekontua atera du aurrera 2008ari begira. Inbertsio atalak, berriz, Iñaki Totorikaguena alkatearen berbetan “anbizio handiko” udal kontuon erdia hartuko du: 5,2 milioi.

EAJk bakarrik egin du alde; PSE-EE, PP eta EB-Berdeak abstenitu egin dira. Azken hirurok bateratuta egindako agerraldian arrazoitu dutenez, “diru-sarrera errealen aurreikuspena ez jakitean, hainbat batzordetan mugatuta egon gara gastu proposamenak egiteko”. Nabarmendu dute, EAJren aurrekontua dela: “Arduradun nagusia da eta etorkizuneko kudeaketarena ere bai”.

PSE-EE, PP eta EB-Berdeek hainbat zuzenketa aurkeztu dituzte, “aurkeztutako gastu proposamenen ordena hobetzera bideratutako zuzenketak lehenetsiz”; azken finean, “baliabide publikoen kudeaketan etorkizunera begirako eta orientazio politiko eta sozialean aldaketa nabarmena esangura beharko luketenak”. Hainbat batu ditu Gobernu Taldeak. Hala nola, herriko derrigorrezko hezkuntzan diharduen LH eta DBHko eskolaumeentzako testu liburuak %50ean finantzatzeko 25.000 euroko atala sortu dute, eta udako tailerren aurrekontua igo, lana eta familia adiskidetu guran —09:00etatik 15:00ak arteko etengabeko ordutegia izango dute uztail osoan—.

Erralde elkartean sartzeko aukeraren aurrean azterketa egiteko proposamena ez eze, Jai Batzordeari kalte egin gabe, Kultura Batzordearen bitartez sanmigeletako jai egitaraua osatzeko Udalak gestionatzeko diru-atala sortzekoa ere bere egin du Gobernu Taldeak; baita babeseko etxebizitzetarako lurrak erosteko atala batzea ere.

Babesekoentzako lurrak erosteko atala

Babeseko etxeak egin gura dituztela nabarmendu du herriko alkateak, aitortu arren,
udal kontuotan batzea aurreikusi ez dutela. Ildo horretan, esan du “ondo” deritzela lurrak erosteko atala sortzea. PSE-EE, PP eta EB-Berdeek, “lehentasunezkoa” deritze babesekoak egitea “herritarrak eta, batez ere gazteak” joan ez daitezen, eta 1,3 milioikoa diru-atala proposatu izan dute, azkenean 700.000 euro batzen dituen atala jaso den arren: “azken 17 urtean etxebizitza gutxi egin da eta egindakoak libreak dira. Nabarmentzekoa da 5.000 biztanletik gora izatetik 3.900 biztanle ez izatera heldu garela”.

Hirigintzarekin lotuta, Goiuria ikastolaren zaharberritzea, Abadetxea erostea eta pilotalekuaren irisgarritasuna hobetzea ere aurreikusi dute, Bixente Kapanagako hirigintza lanak ez eze. Baita udal zerbitzuak batzeko lokalak eskuratzea ere, “udaletxearen espazio faltari aurre egiteko eta hirigunean udalaren presentzia bideratuz, horri bizitza gehiago emateko”. PSE-EE, PP eta EB-Berdeek, baina, beharrezko ez den gastua deritze horri (600.000 euro), “aprobetxamendu urbanistikoaren eraginez hile gutxi barru Udalak lokalak izango dituenean”.

Gobernu Taldeak merkatarientzat euskaldunon gida (6.000 euro) kaleratzeko eta Iurreta ezagutuz DVDa (15.000 euro) kaleratzeko gorde du dirua, inmigrazioari buruzko azterketa egiteko ez eze. Web orria eguneratu eta modernizatzea (30.000 euro) ere gura dute. Auzoei dagokionez, besteak beste, Arriandin ur-hornidura sarea egokitu gura dute eta lurrazpiko pasabidea egiteko lurrak erosi; Orozketan, aparkalekua atondu gura dute, eta Bakixan auzoko goiko aldea urbanizatu.

Inbertsio atala "biderkatu" egin da


Totorikaguenak argitu duenez. “inbertsio atala ia biderkatu egin da eta diru aldetik izan den aurrekontu garrantzitsuena da hau. Hala ere, gai ez bagina ez genituzke horrela landuko;, baina, beharrezkoak dira eta egitasmo batzuk ezin dute gehiago itxaron”. Orain Udalak ia zorrik ez daukala nabarmendu du eta iazko urteko soberakina dutela: “zaila izan daiteke, baina, astiro-astiro guztia garatu gura dugu”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!