Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez, Aldundiko Ingurumen eta Lurralde Ekintza Sailak zehaztutako neurri zuzentzaileak betetzearekin lotuta eman zitzaion jarduera baimena tabernari 2001ean: “Hainbat bider ohartarazi zaie ez dituztela eskatutako baldintzak betetzen, eta musika-ekipoak tabernan jarraitzen duela egiaztatu dugu; premiazko agiriak ere ez dituzte aurkeztu”.

Musika-ekipoa zela-eta, “irregulartasunaz” ohartarazi zuen 2002an Arartekoak ere, eta Udalak hori kentzea eskatu zion jabeari. Zer agiri tekniko aurkeztu beharko lukeen ere jakinarazi zitzaien. Harrezkero hainbat eskakizun egin dizkie, eta Udaltzaingoak musika-ekiporik ez duela kendu ondoren lau biderrez ere ezarri diote 150,25 euroko isuna, alkate-dekretu bidez.
2006an ere, Arartekoak, Bixente Kapanaga auzokoen kexak batuta, honakoa jaso zuen: “Udalek jardueraren bat baimentzean, horri jarritako murrizketa eta neurri zuzentzaileak betetzen direla zaindu eta bermatu behar dute”. Udalak musika-ekipoa kentzeko eskaera egin zuen berriro.