Gazte Asanbladak "autogestioaren bidean" jarraituko duela berretsi du

Anboto 2007ko aza. 12a, 14:53

Iurretako Gazte Asanbladak “autogestioaren bidean lanean jarraituko” duela berretsi du, herritarrentzako egitarau “alternatiboak” sortzen eta “gazteen eskubideak aldarrikatzen”.

Iurretako Gazte Asanbladak “autogestioaren bidean lanean jarraituko” duela berretsi du, herritarrentzako egitarau “alternatiboak” sortzen eta “gazteen eskubideak aldarrikatzen”.

Ertzaintzak gazteok okupatutako udalaren lokaletik — anbulatorioaren eta Jubilatuen Egoitzaren artean daukana— kaleratu eta hurrengo egunean egin dituzte adierazpenok Gazte Asanbladako kideek. Horrezaz gainera, salatu gura izan dute “herriaren beharrei aurre egiteko borondaterik ez duela argi utziz”, Iñaki Totorikaguena alkatearen jarrera “desegokia” eta “lekuz kanpokoa” .
Gazteek jakitera eman dutenez, azaroaren 20rako eman die batzarra egiteko ordua alkateak.

Sarraila apurtuta sartu ziren azaroaren 8an gazteak anbulatorioaren alboan Udalak daukan lokalera. Ordu erdia igarota Udaltzaingoa hurreratzean alkatearekin berba egitea nahia agertu zuten gazteek, azaldu dutenez: “Alkatearen gazteokiko jarrera bakarra, baina, ertzain armatuz betetako furgoneta bi eta sei patruila-auto izan ziren, besteren artean”. Nabarmendu dutenez, gazteon “jarrera baketsuaren aurrean”, ertzainena “oldarkorra, bortitza eta basatia” izan zen “berton ziren 21 gazteak identifikatzera indarrez sartu zirenean”.

Alkatearen jarrera salatu dute


Alkatearen jarrera “koldar, arduragabe eta gezurtia” salatu gura izan dute gazteek, “autogestioaren bidean jarraituko” dutela berretsiz. “Eskuak garbitu ditu alkateak prentsaren aurrean, Gazte Asanbladak identifikazio fiskaleko kode (IFK) bat behar duela esanez, eta okupazioa bidea ez dela esanez; izan ere, ez du ulertzen Gazte Asanblada bat herri osoari irekita dagoen eragile bat dela, inongo iritzirik baztertzen ez duena eta guztiz demokratikoki funtzionatzen duena”. Gazteak sartutako lokala hutsik zegoela nabarmendu dute gazteek, " Udalak inolako erabilpenik eman gabe”. Horren haritik diote Udalak “gezurra” esan zuela gazteei eskaintzeko lokalik ez duela esaterakoan.

Epailearen aurrean

Aitatu dezagun bestalde, azaroaren 8an, goizean, deklaratzera deituta zeudela 10 gazte Durangoko epaitegian frontoiaren alboko etxola sartzeagatik eta “usurpazio delitua” egotzita. Deituta 09:00etan zeuden arren, 10.00ak arte ez ziren hasi eta 12:00ak jo zutenerako lau gazte kenduta, beste seiak otsailaren 4rako zitatu zituzten, jakitera eman dutenez. Egun horretan bertan giza katea deitu zuten epaitegiaren aurrean, protesta moduan, jakitera eman dutenez,160 lagun inguru batuz. Irakaskuntzan ordu biko geldialdia zegoen deituta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!