Gazte Asanbladak gogorarazi du gazte “mordoa” igaro dela dagoeneko epaitegietatik, eta, egoera salatzeko protesta egiteko giza-katea egin dute auzitegiaren aurrean. Era berean, aurrerantzeko planteamendua zehazteko asanblada irekia ere deitu dute arratsaldeko 19:00etarako, Iurretako Aita San Migel plazan. Kalejira egingo dute ondoren. Asteburuari begira ere hainbat ekintza eratu dituzte (bazkaria, mahai-jokoak, bideo emanaldia…), Abadetxea okupatu zuteneko urteurrenaren aurrekari lez.

Iazko abenduan erre zen Abadetxea gaztetxea, eta “ezinbestean” irten beharra izan eta gero, txapa-lantegi zaharra okupatu zuten gazteek. Hala ere, ugazabarekin zein Udalarekin “akordiorik lortzeko aukerarik izan gabe” Txapisteruena II gaztetxetik kaleratu zituzten. Sartu ziren egunean bertan identifikatutako 30 gaztek epaitegira joan behar izan zuten deklaratzera. Ondoren, herrigunean karpa bat egokitu zuen Iurretako Gazte Asanbladak, bere jardunerako. Handik denbora batera sartu ziren Ertzaintzak uztailean zigilatutako frontoiaren alboko etxolan.
“Trabak gaindituz”
Udalaren “inplikazio falta” auzi horretan guztian “erabatekoa” izan dela salatu dute gazteek. “Traba guztien ondorioz” gazteak “kalean” izan direla salatu dute, baina “traba guztiak gaindituz” autogestioaren bidean jarraituko dutela diote.