Mendebaldeko Saharan dagoen La Güeran 2006ko uholdeen eraginez suntsitutako familia-etxeak konpontzeko 6.500 euro bideratuko ditu Udalak.
Herri biak senidetu zirela hainbat urte dira, eta urtero 6.000 euro inguru gordetzen ditu Udalak han garatzen diharduten proiektuetan laguntzeko. Horretarako, urtebeteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute Frente Polisarioarekin, aurten lehenengo aldiz; orain arte, diru-laguntza zuzen lez bideratu dute. Hurrengo urteetan ere ituna sinatzea litekeena da.
Zabor bilketa
Beste alde batetik, ontzietarako edukiontziak astean bi bider jasoko dituzte, datorren astean hasita. Halaxe lotu dute Garbiker enpresarekin, udalbatzarrean PSE-EEk egoerazko ardura agertu eta gero, Iñaki Totorikaguena alkateak esan duenez. “Batzuk, Bixente Kapanagan kasu, gainezka dagoz. Hala ere, arazoa konpondu ezean, bigarrena jartzea pentsatu dugu”. Zubiaurreko ontzien lurpeko zaborrontzia ere handituko dute.