Zerga eta tasak, oro har, %2,5 igoko dira datorren urtean. Halaxe onartu du udalbatzarrak, aho batez. Hala ere, izango da salbuespenik. Izan ere, lehengoan geratuko dira bai Ondasun Higiezinen gaineko zerga bai gainbalio-zerga. Era berean, trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko tasa %2 igoko dute. Zaborraren eta estolderiaren gaineko zerga, aldiz, %4,5 igoko dute.
Lehengoan mantendu dituzte, oro har, hobariak; Ondasun Higiezinen gaineko zergan hiru seme-alaba dituzten familiek %50eko hobaria izango dute, hala ere, orain arteko %30ekoa beharrean, eta lau edo gehiago dituztenek %70ekoa (%50ekoa beharrean). Horrezaz gainera, eguzkiaren energia aprobetxatzeko sistema tekniko edo elektrikoa erabiliz gero, %50eko hobaria emango dute.
Eraikitze eta obren gaineko zerga, bestalde, %0,5etik %0,3ra jaitsiko dute; beti ere, fatxada garbitu, teilatua konpondu edo traba arkitektonikoak kentzeko bada. Beste hainbeste Hirigintza baimenen gaineko tasan ( kontserbazio, modernizazio edo zaharberritze lanetan). Halaxe azaldu du Iñaki Totorikaguena alkateak.
PSE-EEk “hipotekek aurten izandako igoera” aintzat hartzea proposatu du Ondasun Higiezinen gaineko zerga ez igotzeko, eta, hilerriaren tarifa ere bateratu dela gogoratu du: “Durangokoentzat bertako hilerriaren tarifarekin parekatu da, Iurretakoek doan duten arren”. Nitxoa 600 euroan emango die Iurretan erroldatu gabekoei, eta hilobia 360 euroan.
Zaborrarekin lotutako gastua argitu guran
EB-Berdeak taldeak, bere aldetik, Udalak 100.000 euroko defizita daukala nabarmendu du, eta hori kontutan hartuz “ulertzekoa” dela zaborren eta estolderiaren gaineko zergaren %4,5eko igoera; ez, ordea, diru-galera horren oinarria. Ildo horretan, Durangaldeko Mankomunitateari zaborrarekin lotutako zerbitzua dela-eta kontratua eta horrekin lotutako gastuak eskatzea eskatu du. “Agiri guztiak izan behar ditugu eta zergaren horrenbesteko igoeraren arrazoia argitu”. Igoera hori aintzat hartuta trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zerga %2 igotzea proposatu du EB-Berdeak taldeak.
Herriko alkateak Mankomunitatean eskaera egingo dutela adierazi du; bere ustez, zaborra batzeak baino zaborraren tratamenduak garestitzen du zerbitzua.