Dohaintza hori eskertu gura izan dio Udalak Goiuria Kooperatiba Elkarteari. Urtetan herriko hainbat elkartek erabili dute lokal hori. Besteak beste, une honetan, txirrindulari elkartekoak, dantza taldekoak edo bertsolari eskolakoak batzen dira.
Goiuria Kooperatiba Elkartea 1971n sortu zen, eta errekaren alboan eraikinaren alde batetik bestera doan lokala erosi zuen. Aurretik, utzitako lokal batzuetan, sakristian eta pisu baten jardun zuen Gouria Ikastolak. Udalaren izenean geratu den lokalean 1981era arte –Maiztegi eskolarekin fusionatu arte– jardun zuen ikastolak. Urte hareetan 30 neska-mutikok jardun zuten, Mila Madariaga irakasle zutela; geroago, 77-78ra arte —Mª Onaindia eta Kristina Urrutikoetxea ere baziren— irakasle bakoitzak 15 bat ikasle zituen. Zaldibar, Berriz zein Durangotik etortzen ei ziren umeak orduan; gero, sei urte betetzean Kurutziaga Ikastolara igarotzen ziren.
Elkartzeko gunea
Orain Udalak lekua behar den modua atondu eta herriko kultur zein kirol taldeentzako egokitu gura du. Halaxe azaldu du Iñaki Totorikaguenak. Herriko 9-10 elkarterentzako batzar-gunea sortu gura dute bertan: “Guztira 230 metro koadro inguru hartuko ditu eta banaketa oso ona ez daukan arren, ahal den neurrian, elkarteen premiei erantzun gura diegu”.
Ildo horretan, hartu-emanetan jarri izan dira elkarteekin, euren beharren barri jakiteko: “Batez ere, batzartzeko lekua behar dute; baina, 40 bat lagunentzako lekua izango lukeen erabilera anitzeko gela ere gura dute. Lekuaren beraren aukeren arabera zer egin genezaken aztertu beharko da”.
Alkatearen berbetan, nabaritutako “hutsune” bat bete gura dute: “Taldeek ez dute leku bat euren eginkizunetarako; batzartzeko edo gauzak gordetzeko”. 2008ko udal kontuetan batu gura dute dirua lanotarako.
Gaztetxearentzat lekurik ez
Gaztetxeak lekurik izango lukeen galdetzean, horren “premiak” betetzeko Udalak lokalik ez daukala adierazi du alkateak. Goiuria Ikastolako lokalak “batzartzeko gunea izan gura du eta partekatzekoak izango dira gero ere. Gaztetxekoek beste gauza bat gura dute, eta une honetan ezin diegu lagundu”.
Hala ere, Udalak aukera izanda ere, “legalki” laguntzerik ez lukeela izango dio Totorikaguenak: “Nortasun juridikorik ez daukanari ezin diogu diruz lagundu”. Udalari “inplikazioa eskatu eta gero, ezin da gero autogestioa gura izan”, dio: “Jai batzorde txikienari ere identifikazio fiskaleko kodea (IFK) eta urteko ekintza-plana eskatzen diogu. Ezin dena da batzuei eskatu eta besteei ez. Besteei lez laguntzeko gertu gaude, baina ez du ematen asmo hori dutenik”.