Ahari-topekarik ez, baina jai giroz bustitako egunak

Anboto 2007ko ira. 27a, 13:49

Sanmigelekin guztiz uztartuta egon den ahari-topekak huts egingo du, aurten. Aurreko urteetan ATEA (Animaliekiko Tratu Etiko baten aldeko Elkartea) animalien defentsa eta babeserako elkarteak hainbat salaketa jarri izan ditu Iurretako ahari-topekak ez daitezen gehiago egin. Aurten, Eusko Jaurlaritzak, Animalien Babeserako Legean oinarrituz, debekatu egin ditu eta Udalak halaxe jakinarazi dio Jai Batzordeari. Debekua bete ezean, neurri zigortzaileak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzak. Herritarren iritziak ere jaso gura izan ditugu.

Sanmigelekin guztiz uztartuta egon den ahari-topekak huts egingo du, aurten. Aurreko urteetan ATEA (Animaliekiko Tratu Etiko baten aldeko Elkartea) animalien defentsa eta babeserako elkarteak hainbat salaketa jarri izan ditu Iurretako ahari-topekak ez daitezen gehiago egin. Aurten, Eusko Jaurlaritzak, Animalien Babeserako Legean oinarrituz, debekatu egin ditu eta Udalak halaxe jakinarazi dio Jai Batzordeari. Debekua bete ezean, neurri zigortzaileak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzak. Herritarren iritziak ere jaso gura izan ditugu.

Urtez urte, San Migel egunez egin izan dira, diotenez, orain 50 urte sortutako ahari-topekak —lehenengo biderrez egin ziren urte zehatza inork argitu ez duen arren—. Aurten, huts egingo du.
Bateko eta bestekoen iritziak batu ditu debeku horrek. Animaliak “sufritu egiten” duela aitortzen dute batzuek, erakustaldia gustuko izan arren; besteek, berriz, inori kalterik egiten ez deutsala arrazoitzen dute. Bada zezenketak gogora ekarri dituenik ere.

Jai giroari harrera

Ahari-topekarik ez, baina, jai giroaz disfrutatzeko makina bat ekitaldi dakarte Sanmigelek. Montoitik botatako txapligoekin eta ohiturazko donien-atxa igota emango die bihar, San Migel bezperan, ongietorria jai giroari iurretarrek. Errosario eguna ailegatu arte, urriaren 7ra arte, umeentzako jolasek, kirol jarduerek, danborradak, musika eta antzerkiak, dantzariek eta azokak jantziko dute kaleko giroa.

Zer deritzozu Sanmigeletan ahari-topekak kentzeari?

Pedro Mendia (Abadiño)
62 urte


"Ahari topekak ez ziren kendu beharko, neure ustez. Ni Ameriketan egon nintzela, ikusita daukat ahariak ordu betean baino luzaroagoan 200 topekada ematen, ahariak burutik odoletan amaitu arte, eta gainera inork behartu barik... Zeloak direla-eta normala bada ahariak topekadak ematea, guk zergatik ezingo ditugu topekada horrek ikusi?".

Iñaki Ortuoste (Durango)
51 urte

"Neuri behintzat ahari-topekena gustatzen zait. Hala ere, badakit denak ez daudela ados horrekin. Neure ustez, animaliek sufritu egiten dute, baina, hala ere, egia da ikustea gustatzen zaidala. Esango nuke %60an alde nagoela eta %40an kontra. Pentsatzen hasiz gero, animalien borrokak txarto dagoz; bai txakurrena, oilarrena... ere hor daude".

Juan Orbeaskoa (Garai)
83 urte

"Ez deritzot ondo; zezenak be hor dira, erakustaldi bakoitzak bere gauzak ditu. Ahari-topeketan inori ez zaio kalterik egiten. Topekada batzuk egiten dituztela? Zortzi egun barru berriz ondo egongo dira-eta! Zertarako kendu? Ikusi gura ez duenak, ez dadila joan! Norberak bere gustuak ditu: bizikleta, futbola, boxeoa, aizkora... Gura duguna ikustera goaz; ondo pasetan".

P. Maria Monasterio (Iurreta)
83 urte

"Zer iritziko diot nik horri ba! Lelokeri bat dela ahari-topekak kentzea! Inori ez dio kalterik egiten eta, gainera, beti egon den gauza bat da ahari-topeka. Ikusi gura ez duenak errez dauka: ez dadila bertara hurreratu. Ahariak guk uste baino arinago osatzen dira eta, gainera, guk ere lagunekin ondo pasatzeko aukera bat izaten dugu bertan".



ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!