Abadetxearen prezioa ezbaian

Anboto 2007ko uzt. 13a, 14:02

Iurretako parrokiak eta Udalak, bakoitzak bere aldetik, Abadetxearen balioa neurtzeko egindako azterketek ez dirudite eraikin berarenak. Batak eta besteak mahai gainean ipinitako prezioak elkarrengandik lekutan daude.

Iurretako parrokiak eta Udalak, bakoitzak bere aldetik, Abadetxearen balioa neurtzeko egindako azterketek ez dirudite eraikin berarenak. Batak eta besteak mahai gainean ipinitako prezioak elkarrengandik lekutan daude. Iurretako Parrokiak 1,2 milioi euroan finkatu zuen salneurria; Udalak egindako azterketak, berriz, Abadetxearen balioa hiru bider txikiagoa dela dio: 355.450 eurokoa, hain zuzen ere.

Astelehen goizeko udalbatzarrean, Udalaren aginduz arkitekto batek Abadetxearen balioa neurtzeko egindako azterketaren gaineko bozketa egin zuten (eraikina 355.450 euroan balioztatzen duena), eta alderdi guztien baiezkoarekin onartu zuten.

Orain, udalbatzarraren erabakia Iurretako Parrokiari bidaliko diote, hilabeteko epean alegazioak egiteko modua izan dezaten. Hala ere, Iñaki Totorikaguena alkateak beraiekin aste honetan bertan batzeko asmoa erakutsi zuen.

Alde biek zehaztutako kopuruen arteko aldea itzela da. “Negoziatu beharra izango da, ez dago besterik”, aitortu zuen Totorikaguenak. Hala ere, Udalak “malgutasun handiegirik ez” daukala adierazi zuen: “Eraikina erosi ondoren, birgaitu egin behar da eta horrek ere bere gastua dauka”.
Iazko gabon zaharretan Abadetxeak su hartu zuen, eta teilatua eta barrualdeko zati bat kiskali egin ziren. Gaztetxeko kideak zein ildo anitzeko beste hainbat talde batzeko toki barik geratu ziren. Eraikina hutsik geratu eta denbora gutxira, eraikinaren %100 erosten saiatzea onartu zuen udalbatzarrak; ez bi herenak bakarrik, ordura arte nahi zuten moduan.

Udala Abadetxeaz jabetu ondoren, EAJ alderdiak liburutegia hara eraman nahi luke, Kultur Etxeko espazio librea areagotuz. Dokumentategi eta taberna bat ere egokituko lituzkete bertan. Asmo horiek, beste alderdiekin adostu beharko dituzte.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!