Ertzilbengoa ez dute kultur intereseko baserri katalogatuko

Anboto 2007ko eka. 15a, 12:21

Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Euskal-Ondare Zentroak ez du Ertzilbengoa kultur intereseko baserri legez katalogatuko. “Bere sasoian baserri hori aztertu genuen eta ez zen estimatu babesgarri zenik”, diote Jaurlaritzako ordezkariek. Beraz, Gerediaga elkartearen eskaera bertan behar geratu da.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Euskal-Ondare Zentroak ez du Ertzilbengoa kultur intereseko baserri legez katalogatuko. “Bere sasoian baserri hori aztertu genuen eta ez zen estimatu babesgarri zenik”, diote Jaurlaritzako ordezkariek. Beraz, Gerediaga elkartearen eskaera bertan behar geratu da.

Euskal-Ondare Zentroaren zereginetako bat balio esanguratsuak dituzten eraikinak babestea da.Ertzilbengoa baserria EiTBrako sarreran dago Euskal Autonomia Erkidegoan 2.300 eraikin (horietako asko baserriak) daude babesgarri moduan jasota; horietatik 800 inguru babestuko dira.

Horrela, Euskal-Ondare Zentroak, herririk herri eta tokian tokiko adituekin elkarlanean, babesgarri izan daitezkeen eraikinak aztertzen ditu. Bere sasoian, Ertzilbengoa aztertu zuen eta “tokian tokiko adituen artean, Gerediaga Elkartea ere bazegoen”, diotenez: “Orduan ez zuten eskaririk egin eta oraingoa lekuz kanpora ikusten dugu”.

Eusko Jaurlaritzako ordezkarien esanetan, “egia da Ertzilbengoak harrizko zutabe berezi eta zaharra daukana, baina urteetan zehar hainbat elementu gehitu zaizkio, eta ez zen babesgarritzat jo”.

Gerediaga Elkarteak, berriz, gezurtatu egin du bere sasoian ikerketa horretan parte hartu zuenik: “Ez, konfundiduta daude. Guk beste ikerketa batean parte hartu genuen, Durangoko Merindaldeko baserri-arkitekturako imaginen bankua izenekoan. Hor baserri denen katalogazioa egin genuen, babesgarriak izan zein ez”. Ildo horretatik, eskaera berretsi egiten dute: “Euskal Herri mailarako ez, baina herri mailako interesa badauka baserriak. Herri mailako interesak ere babestu egin behar dira eta, gainera, legez ere halantxe jasota dago”.

Ertzilbengoa baserria XVII. Mendean eraiki zuten. 1704, 1745 eta 1796. urteetako fogerazioetan jaso zen baserria. Arkitekturan adituen direnek “gotiko-errenazentista” estiloko definitzen dute. Eraikinaren estrukturan hiru hormarte nabarmentzen dira, euretako bi albo bietara eta erdian dagoena alboetako biak baino aurrerago agertzen dira. Eskumaldeko hormarteak aldaketak izan ditu, eraikinari gehigarri bat ipinita dagoelako eta beraz, alde horretan, jatorrizko itxura aldatua dago pixkat.

Ezkerreko hormartea eta erdikoa jatorrizko itxura dutela esan daiteke. Erdiko hormartean etarte edo arkupea dago. Ateburua egurrezko zutabe bati lotuta dago eta harrizko toskana itxurako zutabe batek sendotuta. Jatorrizko baoak gordetzen ditu, nahiz eta beranduago lehioak zabaldu. Harlanduko ertzak ditu eta gainontzeko hormak zarpiatuta. Atzeko aldean ere, jatorrizko estruktura mantentzen da, pieza bakarreko zutoietan eraikita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!