Gaztetxe berrian egitarau zabala prest dago astebururako

Anboto 2007ko api. 26a, 14:17

Joan zen zapatuan, Iurretako gazteek frontoitik gertu dagoen etxola okupatu zuten. Oraingoz, huraxe da herriko Gaztetxe berria. Asteburu honetarako, hainbat ekitaldi antolatu dute Gaztetxea herriari ezagutu arazteko asmoz.

Joan zen zapatuan, Iurretako gazteek frontoitik gertu dagoen etxola okupatu zuten. Oraingoz, huraxe da herriko Gaztetxe berria. Asteburu honetarako, hainbat ekitaldi antolatu dute Gaztetxea herriari ezagutu arazteko asmoz.

Gaur, 21:00etan, bideo emanaldia: Abadiñoko Gaztetxearen bideo berria izango da ikusgai. Bihar, 14:30ean, luntxa egingo dute eta, ondoren, Bilbora joango dira AHTaren aurkako manifestaziora. Handik itzulita, Gaztetxean egokitu duten taberna zabalduko dute.

Domekan, 15:00etan, bertso bazkaria egingo dute. Ondoren, 19:00etan, kontzertuak izango dira; Eskonbro eta Frakaso rock taldeak, eta, Edan erromeria taldea. Amaitzeko, txerri harrapaketa egingo dute.

Adostasunik ez

Etxola zapatuan okupatu zuten, 18:30 aldera. Lagun batzuk lehiotik sartu, atea zabaldu eta zain zeuden 50 lagunak barrura sartu ziren. Gauean denak etxera joan eta goizean goiz bueltatu ziren. 9:30 inguruan, eraikineko jabea etorri zen. Ez ziren ados jarri eta jabeak ertzainei deitu zien. Handik lasterrera etorri zen ertzainen patruila-autoa. Gazteengana hurreratu, eta beraien gauzak etxolatik ateratzeko eta jabearenak berriro sartzeko esan zieten. Horrekin batera, lau lagun identifikatu zituzten. Oraindik, ez dakite orain dela gutxi legez prozesu judizialik martxan ipiniko duten edo ez. Igandean berriro etorri zen jabea. Orduan ere ez ziren adostasunera iritsi. Oraingoz, ez da bestelako mugimendurik izan. Jabeak salaketa jarri du.

Etxolak solairu bi ditu. Behean hiru auto sartzeko lekua dago. Goiko solairua, txikiagoa da. Kanpoan egoteko leku ederra dauka.


ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!