Lau testiguri galdeketa, martitzeneko batzarrean

Anboto 2007ko ots. 23a, 13:53
Goiuriko Kofradiak jarritako errekurtso-intzidentearen prozedurak datorren martitzena egun klabea du. Udalbatzarrean lau testiguri galdeketa egingo zaio (tartean zabortegiko jabeari), Jose Martin Etxebarriak eta zabortegiko jabeak daukaten "adiskidekeria" demostratu nahian. Prozedura irekia izango da.
Goiuriko Kofradiak jarritako errekurtso-intzidentearen prozedurak datorren martitzena egun klabea du. Udalbatzarrean lau testiguri galdeketa egingo zaio (tartean zabortegiko jabeari), Jose Martin Etxebarriak eta zabortegiko jabeak daukaten "adiskidekeria" demostratu nahian. Prozedura irekia izango da.

Iazko urrian Goiuriko Kofradiak errefusatze-intzidentea aurkeztu zuen Udalean. Horren helburua Jose Martin Etxebarria alkatea zabortegiari udal-baimena emateko prozeduratik kanpora uztea zen. Arrazoi nagusi moduan alkateak zabortegiko jabearekin zeukan “adiskidekeria” aipatzen zuten. Errefusatze-intzidentearen bidea jarraituz, salatzen dena egia dela frogatzen ahalegintzeko lau jardunbide eskatzen zituzten: alkateari eta lau testiguri galdeketa egitea, zabortegiko jarduerak BI-3341 errepidean eragiten duen arriskuari buruz Eduardo Satostegi perituak daukan iritzia jasotzea, eta, hainbat dokumentu eta salaketa aintzat hartzea. Astelehenean lau puntuak banan-banan bozkatu zituzten udalbatzarrean (Jose Martin Etxebarria gelatik irten zen). Dokumentuak eta lau testiguen galdeketak onartu zituzten. Iritzi periziala eta alkateari egiteko ziren galdeketa atzera bota zituzten. Galdeketak martitzeneko udalbatzarrean egingo dituzte, 8:00etan hasita. Atea irekita gauzatuko da.

PPk eta EBk puntu guztien alde bozkatu zuten. EA denetan abstenitu zen. Alkateari galdeketa egitea eskatzen zen puntuan, EAJk eta PSOEk aurka botatu zuten. Iritzi perizialaren puntua EAJren kalitatezko botoarekin bota zen atzera. Onartutako puntu biek EAJren oniritzia jaso zuten; PSOE batean abstenitu eta bestean aurka agertu zen.

Iñaki Totorikaguena alkateordearen iritziz, “kontra bozkatutako puntuak ez dira beharrezkoak prozedura honetan”.

PSOEko zinegotziaren ustez, “kontu hau ez dago egoki planteatuta”. EBk eta PPk antzeko analisia egin zuten: “Funtsean, jakin nahi dena da ilegala den zabortegi bat martxan egon ote den, eta, horrela bada, alkateak zergatik ez duen ezer egin hori geratzeko”. EAko zinegotziak zera esan zuean: “Posible da zabortegia egoera ilegalean egotea, baina ez dakigu  zehazki errefusatze-intzidentearekin zer lortu nahi duten”. 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!