Eusko Jaurlaritzak, Ibaizabal ibaia bideratzeko planaren harira, Iurretari eta Durangori eragiten dieten zatiko azterketaren ondorioak bidali dizkio Iurretako Udalari. Ikerketaren arabera, erreka alboko etxeak (Uralde, Zubiaurre eta Bixente Kapanagakoak) urak hartu ditzakeen zonaldean daude, eta “100 bat etxe bota egin beharko lirateke”, Jose Martin Etxebarria alkateak azaldu duenez. Udalak planari alegazioak aurkeztu dizkio, “eraikin guztiak errespetatu” daitezen eskatuz.
Horrez gainera, Francisco Ibarrako zubia bota eta Montoikoa birmoldatu beharko litzatekeela ere
Iñaki Ezkurra, Bizkaiko Ingurumeneko Lurralde Buruaren esanetan, “Bixente Kapanagako eraikin bat botatzea proposatu dugu, 12 etxebizitza ingurukoa”: “Beste kaleetako eraikinen (Uralde eta Zubiarrekoak) oinarri batzuk ibaiaren gainean daude, baina ez da planteatu botatzerik, ordenamenduz kanpo uztea baino”. Horrekin batera, “epe luzeko asmoa” dela argitu du. Oraindik gestio asko omen daude egiteko: alegazioak tratatzea, ingurugiro azterketa egitea, proiektua bera egitea…
Jaurlaritzak bidalitako plana ikusi egin ahal izan dugu: guztia zehatz marrazten duen planoan ikusten denez, prezintatutako Gaztetxearen eta aparkalekuaren artean dagoen eraikina da botatzekoa; ‘Eraitsi beharreko eraikinak’ izenarekin dator. Montoitik aparkalekura arteko eraikinak honela izendatu dituzte, hitzez hitz: ‘Ibilguaren barruko eraikinak (etorkizunean eliminatzekoak)’. Ibilguaren babes-lerroa eraikinen erditik doa.