Udalak Abadetxe osoa eskuratu nahi du

Anboto 2007ko ots. 8a, 13:13
Erretako Abadetxearen %100 lortu nahi du Udalak. Sasoi batean, bi herenak eskuratzeko negoziatzen aritu ziren, baina orain osoa negoziatu nahi dute Bilboko Gotzaingoarekin, udabaltzak aho batez onartu zuen moduan.
Erretako Abadetxearen %100 lortu nahi du Udalak. Sasoi batean, bi herenak eskuratzeko negoziatzen aritu ziren, baina orain osoa negoziatu nahi dute Bilboko Gotzaingoarekin, udabaltzak aho batez onartu zuen moduan.

Negoziaketa modua trukaketa izango da. Orain Iurretan egiten ari diren etxeen (Olalde eta Bidebarrieta artean) %10 Udalaren esku geratuko da. Lokal horietako batzuk emango lizkioke eraikinaren trukean. Lehenengo Abadetxearen gaur eguneko balio aztertuko dute eta, ondoren, balio hori oinarri hartuta negoziatuko dute zenbat lokal, nolakoak eta nola eman.

Era berean, Abadetxean batzen ziren taldeei ere (datza taldea, kultur taldeak…) hantxe utziko lizkieke lokalak, Jose Martin Etxebarriak adierazi zuenez.

PPren mozioa, atzera

Bestalde, PP alderdiak Abadetxean dantzaren museoa egiteko proposatuz aurkeztutako mozioa ez zen onartu. EAJ, EA eta PSOE alderdiak kontra agertu ziren; EB abstenitu egin zen.

Bozketaren aurretik, PPko zinegotzi Migel Angel Fernendezek Abadetxeari "erabilera kulturalagoa" eman beharko litzaiokeela adierazi zuen, eta esparru horretan, dantzaren museoa egitea "erabaki egokia" izango litzatekeela, Iurretan "tradizo sakona" duen kultur jarduera baita.

EAJren izenean Jose Martin Etxebarriak hartu zuen hitza, eta lehenik eta behin, mozioaren ezbaian sartu aurretik, zuzenketa tekniko bat egin zuen: "Gu ez gara sekula saiatu Abadetxea erosten. Bai eraikinaren jabetza lortzen, baina ez diruz erosita; beti trukea izan da negoziatzeko modua". Mozioaren inguruan zera azaldu zuen: "Iurretan ez ezik Durangaldean ere oso errotuta dago dantza. Gu baino herri handiagoek, Abadiñok eta Durangok kasu, ez dute horrelakorik egin eta gure aldean herri handiak dira. Dantza laguntzen eta bultzatzen jarraituko dugu, baina proposamen hori ez da egokia, gure ustez".

PSOEko zinegotziak Abadetxearen jabetza ez dutela edozein preziotan lortu behar adierazi zuen: "Borrokatu eta ahalik kosturik baxuenean lortu behar dugu".

EBko zinegotzi Jose Luis Zubillagak proposamena ez duela gaitzesten, baina hori baino arazo handiagoak badaudela esan zuen: "Gaztetxea ere Abadetxean zegoen eta kalean daude, nahiz orain gutxi beste eraikin bat okupatu. Arazo horri ere irtenbidea eman beharko litzaioke".

Azkenik, EAko ordezkari Isidro Gorrotxategik Abadetxean zer egin daitekeen pentsatu aurretik, haren jabetza lortu behar dela adierazi zuen: "Gero ere izango da astia eraikinari zer erabilera eman erabakitzeko".





ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!