Diru kontuak

Iruri Altzerreka

Gure enpresarako administrari bila gabiltza. Zuzenbideko edo ekonomiako titulua eskatzen da. Euskara: B2 maila. Kontuan hartuko da ordenagailuaren eta aplikazio informatikoen erabilerarako erraztasuna/trebetasuna eta aurretiazko esperientzia antzerako postuetan. Eskaintzen da: ordutegi malgua eta lan-giro atsegina.

Bai, neuk asmatutako lan-eskaintza da. Baina, bai, benetakoa izan zitekeen. Zenbati pasatu zaigu lan-elkarrizketa batera joan, eta baldintzak aipatzerakoan soldatari erreferentziarik ez egitea? Ez da arraroa. Esparru eta sektore guztietan gerta daiteke. Eta gertatzen da.

Sormenean eta kulturgintzan gabiltzanon kasuan, nahi baino ohikoagoa izaten da. Kobratuko dugun edo ez ez jakitea. Kobratuko badugu, zenbat, noiz eta nola egingo dugun ez adieraztea.

Normalean dei edo whatsapp mezu bat iristen zaigu. Proposamen bat. Izen bat. Proiektu bat. Parte hartzeko gonbita. Baldintzen zehaztasun eza. Galdetzeko lotsa, zilegitasun falta. Egin beharrekoak egindakoan, kasurik onenean, lankide baten kontaktua pasatzen digute. X arduratzen da ordainketaz. Orduan sartzen dira jokoan burokrazia, PFEZ eta TicketBAI. Beraz, noizbait kontratuaren alde horretan egotea tokatuz gero, izan zintzoak, mesedez, baldintzak edozein izanda ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!