Euskal hiztunok ez gara ados jartzen zer komeniko litzaigukeen zehaztean. Estadio handiak, areto txikiak, plaza izkinak, gaztetxeak, kulturguneak. Zer behar du euskarak? Euskal musikak? Ziurrenik horiek guztiak, eta askoz gehiago. Edozelan ere, gero eta ohikoagoak bihurtzen ari dira euskal artisten makro kontzertuak, musikatik harago doazenak. Esperientzia oso eta integrala hitzematen dizute. Ahaztuko ez duzun espektakulua. Panorama horren aurrean, beraz, utzidazue gutxienez zalantza adierazten.
Azken asteetan iritzi publikoaren zentroan egon da gaia. Aldeko eta kontrako arrazoiak entzun dira: musikari zein artistenak, zutabegile eta herritar kezkatuenak. Ziurrenik horietako asko errepikatuak izango ziren. Baita nirea ere. Debatea egon badago.
Bada handian pentsatzea gutxiesten dugula dionik, eroso gaudela txikitasunean. Bateraezinak izango balira bezala. Handitasun hori zertarako, zergatik eta nola lortu nahi dugun hausnartu behar genuke agian. Bitartean, egiozu galdera bat zeure buruari. Nolako kultura kontsumitu dut azken hileetan?