Aurten Iparraldean hartu duzue Korrikako lekua, Senperen. Zer dela eta?
Azken bost-sei Korrikatan hartu izan dugu lekukoa, eta aurten ere ezin genuen hutsik egin. Kontua da Landetxeaz gainera Urkiola Hotela ere badaukagula aurten, eta, beraz, martitzenean Urkiolako Hotela zarratu eta Landetxeko zein Hoteleko langileak, gure familiak eta gertuko lagunak Senperera joan ginen. Azken urteotan, normalean asteburua aprobetxatuta, Nafarroara edo Iparraldera joan izan gara eta han hartu dugu gure kilometroa. Badakigu Autonomia Erkidegotik kanpora kilometroak saltzea zenbat kostatzen den, eta guretzat ohore handia da Nafarroan edo Iparraldean gure aletxoa ipintzea. Egunen batean kilometroak Bizkaian saltzeko premia badago, hemen erosiko dugu. Baina bien bitartean behar den lekura joateko prest gaude. Euskararen alde maitasunez sortzen duten ekimen hau beti hartuko dugu maitasunez.
Korrika betidanik izan da berezia zuretzat.
Korrikak urte birik behin Euskal Herrian sortzen duena izugarria da, amets bat. Oso bizipen politak bizi izan ditugu. AEKk asko suposatu izan du nire bizitza luze edo labur honetan. Gazteagoa nintzenean, niretzat urteko jairik ederrenetariko bat zen Korrika Larrabetzutik pasatzen zen unea. Asko hunkitzen nintzen, emozio polita zen. Gero, Durangaldera, Garaira bizitzera etortzean, nire bizitzako beste sasoi batean, Korrikak suposatu zuen hau nire seme-alaben jaiotzagaz konpartitzea. Bizkaiko Korrikako arduradun legez ere parte hartu izan dut Korrikan, eta 10 egunez lantalde eder bategaz ibili nintzen furgonetan.
Azken urteotan lankideekin eta etxekoekin izan dut aukera bizipen hau partekatzeko, eta hori oso polita da. Pertsonalki berezia da nire inguruko denak testiguaren parte izatea.
Gainera, aurtengo egoera ere berezia da niretzat, arazo pertsonal batzuk direla eta, gaixotasun bat; beraz, Korrikako unea oraindino eta bereziagoa izan da. Uste dut 24. Korrika gehien gogoratuko dudana izango dela, bereziena.
Korrikagaz horrelako hartu-emana izanda, anekdotak ere izango dituzu.
Egia esanda, denerik pasatu izan zaigu. Gauez egin izan dugu, goizaldean... Esaterako, 23. Korrikara gurpil-aulkian eraman ninduten. Orkatila apurtu nuen, baina ez zen arazo bat izan, han egon nintzen.
Eta asteburuan, zapatu gauean, gure eskualdetik pasatuko da Korrika.
Eta denok animatu gura zaituztet Korrikagaz bat egitera. Irten kalera, egin irrintzi, egin korrika eta bete ditzagun Durangaldeko kale estu hauek guztiak jendez. Beste behin ere, Korrika euskara aldarrikatzeko momentu polit bat izan dadila.