Zubipean

Iruri Altzerreka 2026ko martxoaren 18a

Urteak erritmo geldiezina darama. Urtarrilean familia bazkariak izan genituen (gehiegitxo, agian), otsailean San Blas eguna, karnabalak... eta konturatzerako martxoaren erdialdea pasatu dugu. Dagoeneko ondo apuntatuta ditugu geure agendetan Aste Santuko egun gorriak. Askok, seguruenik, aspalditik izango dute hoteleko erreserba egina. Orain, urtebeteko aurrerapenarekin lotzen ditugu planak.

Instagrameko argazkiak ikusiko ditugu, auto-ilaren irudiak telebistan, oroigarriak gure izozkailuetan, eta zuloak kontu korronteetan. Buruak errutinatik ihes egiteko eskatuko digu, eta gorputzak, berriz, gelditzeko. Bizi egunero bizi behar dela iradokiko digute sare sozialetako aurpegi irribarretsuek, baita egun ez-gorrietan ere: joan zaitez zinemara martitzenean, Kafe Antzokira eguenean, eta Dublinera aste barruan. Eskapadatxo bat.

Teorian dena guay, baina praktikak kontrakoa irakatsi dit. Aste barruko nekealdiak asteburuetako ordaina dakar. Gakoa, agian, planak denboran sakabanatzeari utzi, eta erritmoa pixka bat bajatzean dago. Edo sekula lasai biziko ez garela onartzean. Batek jakin. Bien bitartean, barne gatazkak barne gatazka, aste-bukaera ederra opa dizuet denoi, Dublineko zubiak zeharkatuko dituzuenoi etxeko zubipean babestea erabakitzen duzuenoi beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!