Bada efektu bera eragin dezakeen pertsonarik. Demagun aspaldiko lagun batekin geratu zarela. Demagun asteak daramatzazuela elkar ikusi gabe. Besarkada batekin agurtu zarete. Ez dago hasierako galdera protokolariorik. Lanean zelan dabilen galdetu diozu. Zure ama zelan dagoen hark. Azaleko galderak dirudite, baina nolabaiteko intimitate gradua adierazten dute.
Herriko taberna batean jesarrita zaudete. Denborak aurrera egin ahala zerrenda mentalean zenituzten gaietan check egiten joan zarete. Txaketa kendu duzue. Jertsea gero. Warning: negar egiteko arriskua. Eroso zaudete. Badakizue kapak kendu arren ez duzuela hotzik pasatuko. Lasai kontatu diezazkiokezu bikotekidearekin izandako eztabaida, zure txikitako trauma familiarra edo hobby berri horren nondik norakoak.
Seguruenik, zuetako askori hurbileko norbaiten irudia etorriko zitzaizuen burura hitzok irakurtzean. Hala bada, zain itzazue.