Udal arkitektoaren plaza sortuko dute Garain

Anboto 2025eko abenduaren 31

Onartu berri duten 2026ko aurrekontuetarako aurreikusitako gaietako bat da. San Migel auzoko umeen jolasgunea estalatzea, Pilar Zubiaurreri buruzko dokumentala filmatzea eta energia komunitatea sortzeko pausoak ematea dira beste ekarpenetako batzuk. 

2026ko aurrekontua EAJk babestu du eta Herriko Taldea abstenitu egin da, udalak prentsa oharrean azaldu duenez.


Giza baliabideei doakienez, berrikuntza nagusia udal arkitektoaren plaza sortzea izan dela aurreratu du Garaiko Udalak , "udalaren egituran barruratzea eta Berrizko Udalarekin partekatzea, lankidetzan" erabaki dute. Horiek horrela, bi urrats egin dira. Batetik, Garaiko Udalaren eta Berrizko Udalaren arteko hitzarmena. Bestetik, plaza horri erantzun ahal izateko, diru-zuzkidura gehitu dute aurrekontuetan.

Azpiegituren arloan, San Migel auzoan, komun publikoa eraiki ahal izateko lizitazioa zein kontratuak izenpetu dituzte. Obrak 2026ko urtarrilean hasi eta 2026ko lehen hiruhilekoan amaitzea aurreikusi dute.

Kirol ekipamendu berria dela eta, bi jarduketa bideratu dituzte aurrekontuetan. Batetik, ekipamendu berria erabili ahal izateko udal-ordenantzak onartu dituzte eta, bestetik, abenduaren 29ko osoko bilkuran, tresneria eta eskuratu ahal izateko, lizitazio-prozedura abian jarri dute. "Okerrik ezean, kirolgune berria 2026ko udaberrirako abian egongo da. Kirol-tresneria alokairu-araubidean eskuratzeko 14.500 euroko zenbatekoa aurreikusi da", azaldu du udalak. 

Gernikako Arbolaren parkea
Beste proiektuetako bat San Migel auzoko umeen jolasgunea estaltzeko proiektuarekin lotuta dago. Dirulaguntzak eskatu eta estalpea eraikitzeko lizitazioa bideratu gura dute 2026ko uda bitartean. Obrak 2026ko udazkenean has daitezen aurreikusita dago. Prozesuaren amaieran, familiak-eta egon eta gerizpea eman ahal izateko, inguruan, arbolak landatu eta uharte klimatikoa atontzeko urratsak egingo dira" . Gainera, espazio hau memoriaren lanketagaz lotu gura dute: "Gure askatasunen ikur gisa, askatasunaren eta demokraziaren alde jardun zutenei gorazarre eginez eta gure tradizioari lotuta, Bizkaiko Batzar Nagusiei Gernikako Arbolaren kimuak eskatu zaizkio. Gernikako Arbolaren parkea deituko zaio eremuari eta belaunaldien topaleku bihurtuko da", dio udalak. Umeen jolasgunea estaltzeko egitasmoan, hasteko, 24.000 euro aurreikusi dira.

Bestalde, udaletxearen atzealdeko esparruari teilatua jartzeko aurreproiektua egiten ari dira. Ondoren, egitasmoa bideratzeko kudeaketa egingo dute. Helburua da agintaldi honen amaieran prozesua lizitatzeko eran uztea. Esparruaren azterketa egiteko eta aurreproiektua egiteko 18.000 euro aurreikusi ditu udalak.

Beste hobekuntza batzuk ere aurreikusi dituzte: ur horniduran hobekuntzak (besteak beste, uraren kalitatea kontrolatzeko eta zaintzeko unitatea: 14.000 euro); bidegurutze batzuetan farolak zein San Migel auzoan argiteria hobetzeko zenbait jarduketa (10.000 euro) eta abar.  

Herri-bideetan konponketa lanak ere egingo dituzte: arekak, uhinbikoak eta asfaltatze-lanak bideratzeko 26.580 euro aurreikusi dituzte. 2025eko aurrekontua kitatu eta gero, "lanak eta baliabideak indartzea" da asmoa.


Herrian askotariko ekintzak antolatzeko, herriko elkarteei ematen zaien sostengua indartzen segitzea da asmoa. Horiek horrela, 2019. urtean, herriko elkarteei bideratutako dirulaguntzak 800 euro izatetik, 2026. urtean, 11.300 € izatera igaroko da (Garaiko Triatloi Taldeak 4.800 euro; Garaiko San Migel Nagusien Elkarteak 4.000 eta Trumoitte Kultur Elkarteak 2.500 euro jasoko dituzte). 

Pilar  Zubiaurreri buruzko dokumentala
Pilar Zubiaurreri buruzko dokumentala filmatuko da Garain, 2026an. Egitasmo honen babeslea Garaiko Udala da. "Helburua da XX. mendeko emakume honen ekarpena azpimarratzea eta balioan jartzea".
Garaiko historia garaikidea ikertzeko beka abian jarriko dute Gerediagarekin lankidetzan.

Udaleko hirigintza-plangintza dela eta, 2026. urtean, antolamenduaren hurrengo faseak bideratuko dituzte eta 2026ko udazkenean behin-behinean onetsiko dute. "Horiek horrela, agintaldi honetan, duela hogeita hamar urtetik hona berritu gabe egon den plangintza berritzeko prozesua oso aurreratua uztea da asmoa. Behin betiko onarpena ondoren bideratuko da, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta bestelako erakundeen irizpenak jaso ondoren, hain zuzen", gehitu du udalak.

Energia komunitatearen sorrera
Beste egitasmo baten berri ere eman du udalak. Durangaldeko hainbat herritan martxan jarri diren energia komunitateen proiektua Garaira ere heldu da. Udalbatzak, herritarren partaidetza tarteko dela, 2026. urtean, herrian energia komunitatea sortzeko urratsak egingo ditu.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!