Gatza eta ardura, ardura eta gatza. Konbinazio xelebrea. Umetan ez nuen esaldia ulertzen. Adinean gora joan ahala, ordea, gurasokeria kutsua hartu diot. Edozelan ere, gure adina adin, amamak esaten jarraituko duen irudipena dut, beti izango baikara ume bere begietan. Heldutasuna performatzen dugun umeak.
Zortzi orduko lanaldia izango dugu, kotxe berria, etxebizitza plana, supermerkatuko txartela, prestatu nahi ditugun oposizioko apunteak, Ikeako wish lista, argindarraren faktura, dentistarekin zita, planeatutako bidaia... eta txiki sentituko gara, plastikozko pertsonaia. Behin-behineko egoera konstantean.
Helduaroa hori baita: garbigailua jarri arren arropa zikinen otzara beti beteta egotea. Egonezin jarraitua. Ez zait metafora hoberik bururatzen. Eta, hala ere, egunero ohetik altxatu eta jantziak eskegiko ditugu. Edo egitekoa biharko utziko dugu, prokrastinatu. Batek daki. Ez dakit ardura hartzea hori den, baina badaezpada gatza neurrian botatzen dut kozinatzerakoan.