Ingurura begiratuz gero ez dira asko emantzipatzea lortu duten gazteak. Etxeen eskuraezintasunari eta prezioen gorakadari gure soldaten zenbatekoa gehitu behar zaio. Matematikak egitea baino ez da. Gehiketak eta kenketak. Bada urruneko ahaideren baten pisuan bizitzeko zortea duenik. Bada gurasoekin bizitzea nahiago duenik, aurreztu eta geroago erosi ahal izateko. Kasuistikak kasuistika, nahi duenak aukera izan beharko luke, soldata erdia alokairura bideratu gabe.
Izan ere, gauza jakina da higiezinen merkatuak herritarron kezka piztu duela azken urteetan, gazteen artean gehienbat. Zein da emantzipatzeko adin egokia? Eta zein gure bizi baldintzek ahalbidetzen digutena? Dudarik gabe, diru laguntzetatik harago doazen errotiko neurriak behar ditugu, etxebizitza duinerako sarbidea bermatu nahi bada.