Aurten ere ez. Korrika ez da Garaitik pasako. Baina garaitarrak bai, Korrikan izango dira. Edizio guztietan legez, hutsik egin barik. Trumoitte Kultur Elkarteak eta Garaiko Udalak bat egin dute AEKren lasterketa erraldoiagaz, kilometro bana erosita. Lekukoa martxoaren 22an hartuko dute, Korrika Durangaldeko herririk gehientsuenetatik igaroko den egunean. Trumoitteko kideek, adibidez, Berrizen hartuko dute lekukoa, arratsalde partean. Gutxi gorabehera Juliantxo jatetxea zegoen lekutik gaztetxeraino eramango dute lekukoa, 19:50etatik aurrera. Herritarrak deitu dituzte 19:30ean, Olakuetako aparkalekuan batzera. Garaiko Udalak ere beste horrenbeste egingo du Abadiñon. Udalak kilometro bat erosi eta herriko eragileak gonbidatu ditu (Nagusien Elkartea, Triatloi Taldea, Jai Batzordea, Trumoitte eta abar) kilometroa elkarrekin egitera. Kasu honetan ere, Korrikako antolatzaileek oraingoz ez dute zehaztu zein izango den lekukoa eramateko tarte eta ordu zehatza.
Korrika txikia ere bai
Trumoittek egitarau txiki bat antolatu du martxoaren 14ari begira, Korrika nagusiaren atariko legez, hain zuzen ere, lasterketa Irundik abiatuko den egunagaz bat eginda. 17:30ean Korrikarako kartelak prestatuko dituzte Ludotekan. Ondoren, Korrika Txikia egingo dute herrian zehar, eta, azkenik, kopaua.