Kirola egiteko erabilera anitzeko espazioa eraikiko dute Garain

Anboto 2023ko abe. 27a, 20:40

San Migel auzoan, bolatokiaren eta frontoiaren artean, kirola egiteko gunea martxan jarri gura dute.

Garaiko udalak 2024ko aurrekontuak onartu ditu. Udal arduradunek azaldu dutenez, aurrekontuak ezohiko hazkundea izan dute. Izan ere, 2023ko aurrekontuaren zenbatekoa 621.262 eurokoa izan zen; 2024ko aurrekontuetan, berriz, 828.670 euroko zenbatekoa baliatuko da. Ondorioz, heren bat haziko da kontu publikoen guztizkoa. Hazkundearen arrazoi nagusia San Migel auzoan, bolatokiaren eta frontoiaren artean, kirola egin ahal izateko, erabilera anitzeko espazioa eraikitzeko egitasmoa dela gaineratu dute udal arduradunek. "Ekipamendu txiki horren bitartez, udalak nagusien artean zahartze aktiboa sustatu ez ezik, herritarrei kirola egin ahal izateko erraztasunak ere eskaini nahi dizkie Garain bertan. Egitasmo horrek Bizkaiko Foru Aldundiaren sostengua jaso du, guztira, 133.000 euroko dirulaguntza".

Taxi Auzunea

Era berean, Garaiko Udalak herritarrek mugikortasun arloan dituzten zailtasunei aurre egin ahal izateko, Garaiko Taxi Auzunea abian jartzea erabaki du. Zerbitzu hori bestelakoa izango da eskualdean abian daudenekin alderatuta. Izan ere, zerbitzuaren bitartez, Garaiko herritarrek Berriz, Abadiño, Iurreta eta Durangora hurreratzeko modua izango dute. Inoren premiarik gabe, herritarrek osasun zerbitzuetara, bestelako garraio zerbitzuetara, hainbat gestio egiteko edota institutura hurreratzeko aukera eskaini nahi die udalak. Zerbitzua abian jartzeko ordenantza aho batez onartu dute. Era berean, zerbitzua abian jartzeko diru zuzkidura ere aurreikusi du udalbatzak.

Mugikortasunaren inguruan eginiko azterketa baten arabera, Durangaldeko herrietan, Garain dagoela biztanleko auto gehien. "Egun indarrean dagoen mugikortasun eredu publikoa ez da eragingarria, ez eta erabilgarria ere herritarrentzat. Horrexegatik erabaki da taxi zerbitzu hau abian jartzea. Bereziki, beste pertsona baten laguntza behar duten adineko pertsonak, ezinduak eta gazteak izango dira zerbitzu honen onuradun nagusiak. Ordenantza Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen eta zerbitzua kontratatzen denean, abian jarriko da. Gehienez ere, otsailean indarrean egotea aurreikusi da", dio udalak.

Herri basoak

Aurrekontuekin segituz, 2024. urtean, egun esku pribatuetan dauden 100.000 metro koadroko azalera herri baso bihurtzea aurreikusita dago. Horiek horrela, aurreko agintaldian hasitako bidean "sakondu" nahi du udalak. "Baso ustiapenarekin jarraitu nahi ez duten jabeei alternatiba bat eskaintzea, herri basoen hedadura haztea, espezieak dibertsifikatzea, hostozabalen hedadura handitzea, bai eta jasangarria den basoen ustiaketa sustatzea da helburua", gaineratu dute. Amaitzera doan urtean, bi fasetan, herri basoetan, 40.000 arbola baino gehiago birlandatu dira. Hala berean, Bizkaiko Foru Aldundiaren aholkularitza tarteko dela, egokiak diren zenbait hektarea gorde dira berez ernetzen diren basoen hazkundea errazteko.

Bideen konponketa

Bideen konponketa lanekin segituko du udalak. Une honetan, Beratu-Aiartzako bidean arekak egiten ari dira. Ondoren, asfaltatze lanak gauzatuko dira. Guztira, 1.200 metro dituen bidean egingo dira hobekuntzak, auzokideen eta ibilgailuen segurtasuna indartzea da asmoa. Obra hauek otsailean amaitzea aurreikusita dago. Beste 25.000 euro aurreikusi dira herriko bideen hobekuntza eta mantentze lanetarako.

Beste proiektu batzuk nabarmendu ditu udalak: "Adierazitako guztiaz gain, besteak beste, Garaiko Planeamendua berritzeko asmoz, 2024 urtean begiz jotako zereginak, bereziki, herritarren parte hartzeari dagozkionak, bideratzeko baliabideak sustatuko ditugu; ur-horniduraren kalitatea hobetzeko asmoz, analitikak indartuko; ludotekako azpiegitura hobetuko; Gerediaga eta Garaiko Nagusien Elkarteari bideratutako dirulaguntzak haztea jaso da 2024ko aurrekontuetan. Herritarrei kirola egiteagatik bideratzen zaizkien dirulaguntzak areagotu dira. Udalak, 2024. urtean, komun publiko bat eraikitzeko egokitasuna eta bideragarritasuna berariaz aztertuko du, bai eta erabakiko ere egin ala ez 2025eko aurrekontuetan".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!