Hirigintza Plana dela eta, azterketa bat egingo duzue herriko beharrizanak ezagutzeko. Zertan da ikerketa hori?
Gure Hirigintza Plana orain 32 urte onartu zen eta zahartuta geratu da. Orain, prozesu hori gidatuko duen taldea izendatu dugu eta aste honetan partaidetza plana erabakiko da. Aurreko agintaldiko amaierarako pleguak onartzea izan da asmoa, eta agintaldi berriaren hasieran lantaldea prest egotea. Prozesu honetan, askotariko erakundeen txostenak jaso behar dira, eta baita partaidetza plan bat ere.
Zein da plan horren helburua?
Aukera hori baliatzea irudikatzeko, 20 edo 30 urte barruko Garai zer-nolakoa izatea gura dugun izan behar du helburutzat. Bestetik, gaur egungo beharrizanetatik abiatuta ikustea zer-nolako erronkei egin behar diegun aurre etorkizun hurbilean. Prozesua ez da kontu formal bat izango. Batez ere izan behar da prozesu bat, zeinetan, esate baterako, herritarrek ikusiko duten herri basoak zelan kudeatu, zer-nolako arazoak ditugun herri bideen inguruan, zelan aurre egingo diogun etxebizitzaren problematikari, zelan sustatuko dugun baserrietan unitate familiar gehiago izatea belaunaldi diferenteak elkarren arrimuan egon ahal izateko eta jendea ahalik eta denborarik luzeenean egoteko bertan. Eta baserri horien eraberritzean ere arazoei irtenbidea emateko, ingurumen arloan ditugun arazoak konpontzeko... Hau da, hirigintza plan batean askotariko gaiak kontuan izan behar dira.
Udalak zerga bat onartu zuen bere lurretatik pasatzen diren hornidura enpresei tasa bat kobratzeko. Martxan ipini duzue dagoeneko?Ondo bidean, datorren urterako izango da martxan, urtarrilaren 1etik aurrera. Horrelako enpresei buruz berba egiten dugunean, sarritan kableak edo hoditeriak ipintzen dituzte, eta hor geratzen dira, hainbat urterako. Atarramendu ekonomiko bat ateratzen dute horren kontura, baina hortik ez da ezer geratzen herrietan. Guk uste dugu enpresa horien partetik erantzukizun bat egon behar dela, eta dituzten irabazien parte bat gutxienez azpiegitura horiek ipintzen dituzten herrietara bueltatu behar dela. Gainera, horrelakoak askotan pasatzen dira herri txikietatik, eta goragoko erakundeetan nahikoa indar ez daukagunez, errazagoa gertatzen zaie era horretako azpiegituretan bidea egitea. Denbora tarte txikian, gure herrietan dorreak ipini dituztela ikusi dugu; kableak ipini dituzte gure mendietan, eremu pribatuetan zein eremu publikoetan, batez ere argindarra garraiatzeko.
Zertan da goi tentsioko linearen proiektua?
Alegazioak aurkeztu genituen eta oraindino ez digute erantzun. Horrek erakusten du zer-nolako sentiberatasuna dagoen enpresa handien kasuan horrelako azpiegiturak egiten dituztenean. Guk gure eskura dagoen guztia egingo dugu gure herritarrak defendatzeko eta gure eremua zaintzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak ere bere kontrakotasuna adierazi du, baina, hala ere, ikusi egin beharko da zelako lineak ezartzen diren, estatuak ere bere erabakiak hartzen ditu eta.
Mugikortasunari dagokionez, zein egoera bizi duzue Garain?
Herri txiki baten ikuspuntutik, lurralde modura gaia aztertu behar dugu. Udal Legeak eskumen bat emateak ezer gutxirako balio digu, gero eskumen horiek aurrera ateratzeko baliabiderik ez badaukagu. Gaur egun udalerri txikiok sekulako arazoa dugu gure eskumenak garatzeko eta gure zerbitzuak hobetzeko. Udal finantziazioaren arloa ondo aztertu behar da udaletan indarrik handiena duten alderdi bien partetik. Horregaz zerikusia dauka zelan ikusten dugun lurraldearen kohesioa. Bizkaia ez dira bakarrik hiri ertain eta handiak. Landa eremuak, herri txikiak eta ertainak ere hor gaude. Ikusi egin behar da zelan bideratzen ditugun gutxieneko bitartekoak eta zelan antolatzen ditugun zerbitzuak benetan herritar guztiek zerbitzuen ikuspegitik aukera berdinak izateko.
Zerbitzu horiei dagokienez, denbora batetik hona ez duzue lehen arretako zerbitzurik Garain.
Guretzat kezkagarria da eta berba egiten ari gara Osakidetzagaz, iruditzen zaigulako lehen arretako zerbitzua berreskuratu egin beharko genukeela Garain. Koste handia eta eraginkortasun kontuak izaten dira askotan ipintzen diren aitzakiak. Udalerri txikietako zerbitzuek ez dute, hain zuzen ere, kosterik handiena eragiten. Ikuspegi hori aldatu egin behar da. Gure kasuan, anbulatoriora joan behar dugun bakoitzean, Berrizera joan behar badugu, gure herritarrentzat arazo bat suposatzen du.
Mugikortasunaren ikuspuntutik, zein egoera bizi duzue?
Mankomunitatean azterketa bat egin zen eta geu gara, batez beste eta pertsonako, kotxerik gehien duen Durangaldeko udalerria. Baten batek pentsatu beharko du zergaitik gertatzen den hori. Gure mugikortasun eredu publikoa ez da eragingarria landa eremurako eta herri txikietarako, eta ez dago herritarren beharrizanei begira. Geralekua Santa Katalinan ipintzen baduzu eta autobusa hartu behar duenak kilometro eta erdi oinez egin behar badu bertara joateko, hori ez da eraginkorra. Gero ezin daiteke esan gutxi erabiltzen dela. Kontua da ea zergaitik erabiltzen den gutxi. Horri gehitu ordutegien arazoa. Landa eremuan eta herri txikietan mugikortasunaren arazoak eragozpen handiak sortzen dizkigu. Esaterako, adineko pertsona batek beste norbaiten laguntza behar du anbulatoriora joateko edo erosketak egiteko, guk hemen ez daukagulako dendarik. Beste adibide bat: Garain ez dugu eskolarik. Adin batera arte Hezkuntza Sailak autobusa ipintzen du, baina hortik aurrera gurasoen edo aitita-amamen zeregina da joan-etorriak antolatzea, horrek suposatzen duen guztiagaz. Eta horren gaineko eskumerna udalez gaindiko erakundeek dituzte. Eta eskumen horiek erantzukizun horiek badituzte, beste era batera planteatu beharko lituzkete benetan herritarren beharrizanak kontuan hartzeko. Momentu honetan dugun zerbitzua oso mugatua da, eta ordu jakin batzuetan. Eskumena duenak egiten du, edo, bestela, guk erantzun bat eman beharko diogu errealitate horri, bestelakorik antolatzen ez den bitartean. Gutxienez, eskumena udalari ematea eta udalak osatu ahal izatea, zerbitzu hori herritarren beharrizanak eta premiak kontuan hartuta.
Garain lehen sektorea zen nagusi. Orain ostalaritza.
Lehen sektoreari buruz berba egiterakoan, 10, 20 edo 30 urtera zer gura dugun pentsatu behar genuke. Elikadurari dagokionez, nondik datoz gure produktuak, eta horrek zein eragin du ingurumenean? Eta nork zainduko ditu inguruak? Orain arte, batez ere, lehen sektorekoek zaindu dituzte baso, landa eta bestelakoak. Nork sortuko ditu beharrezko elikagaiak? Ala kanpotik ekarriko dugu dena? Herri erakundeen aldetik, inplikazio apur bat handiagoa behar da lehen sektorea sustatzeko. Baina hau ez da ohiko lan bat. Sektore horretan dabilen familia batek 24 orduak ematen ditu bere esplotazioan. Baina horrek bizitzeko aukerak eskaini behar dizkie. Bestalde, herri basoen kudeaketa ere oso lotuta egon da lehen sektoreagaz. Jendeari erraztasunak ematea izan da gure apustua, eta akordioetara helduta lur pribatu horiek erostea, mugakide diren neurrian. Eremu horietan kudeaketa publikoa bideratu dugu. Horrek aukera ematen du herri basoen hedadura zabaltzeko eta bertako arbolak eta espezieak landatzeko. Prozesu horrek aukera eman digu 100.000 metro koadro herri-baso bihurtzeko. Agintaldi honetan beste 100.000 metro koadro herri-baso bihurtzea da helburua. Eukaliptoa eta horrelako landareak ipintzearen kontra nago, baina alternatibak ere eman behar ditugu. Ahalegin partekatu bat behar da Aldundiaren aldetik ere.
Momentu honetan, zein proiektu duzue esku artean?
133.000 euro lortu ditugu kirol instalazioak hobetzeko. Horrek zerikusia du zahartze aktiboa sustatzeagaz eta gazteei euren aisialdirako beste azpiegitura bat sortzeagaz. Gimnasio txiki bat sortuko dugu frontoiaren eta bolatokiaren artean. Beste proiektu bat hile honetan martxan ipiniko dugun podologia zerbitzua da.
Garairako bidean autoek hartzen duten abiadura arazo bat da?
Arazo handia dugu kontu horregaz. Bide horren zati batzuk udalak kudeatzen ditu, eta Aldundiak beste batzuk. Gure bideetan saltoak ipintzen ahalegindu gara. Gerediagatik Garairako bidean eta Garaitik Goiuriara abiadura handian doaz batzuk. Hainbatek karrerak egiten dituzte. Begiratzen gabiltza ea Santa Katalinan aktuazio bat egin dezakegun. Eta momentu jakin batean Aldundiagaz berba egin beharko dugu, euren tartean ere zenbait eragozpen ipintzeko. Ezin dugu kotxe gidariak, oinezkoak zein bizikletan dabiltzanak arriskuan ipini, errepidea eurena dela pentsatzen dutelako beste batzuek.