Erramun Osak ez du alkate lanak egiteagatiko soldatarik jasoko

Ekaitz Herrera 2023ko uzt. 6a, 09:00

Era berean, joan den legegintzaldian bezala, alkateak uko egin dio Garaiko ordezkari gisa arituta parte hartzen duen udalaz gaindiko organoetako dietak jasotzeari. Udalbatza osatzen duten gainerako zinegotziek ere ez dute ordainsaririk jasoko osoko bilkuretan edo udal batzordeetan parte hartzeagatik.

Garaiko udalbatzak ezohiko osoko bilkura egin zuen atzo, eta hainbat erabaki hartu zuen han. Batetik, kargu publikoen soldatei eta dietei dagokiena. Erramun Osa alkateak ez du ezelako ordainsaririk jasoko alkate eginkizunak betetzeagatik, eta, joan den legegintzaldian bezala, ez du dietarik kobratuko Garaitik kanpoko egitura-organoetan (Mankomunitatean, adibidez) parte hartzeagatik. Udalbatza osatzen duten gainerako zinegotziek ere bide bera hartu dute. Ez dute plenoetan edo batzordeetan parte hartzeagatiko ordainsaririk jasoko. 

Horrez gainera, alkateak jakinarazi du ateak zabalik izango dituela bizilagunak hartzeko. Eguaztenetan (arratsaldez) eta barikuetan (eguerditik aurrera) hartuko ditu herritarrak, egon daitezkeen kexak eta iradokizunak entzuteko. Alkateak gaineratu du beste egun batzuetan ere hartu ahalko lituzkeela herritarrak, betiere, aurretiazko hitzordua eskatuta. 

Parte hartzea HAPOan eta jaietan

Garaiko Udalak herritarren parte hartzea sustatu gura du hirigintza plangintza eguneratzeko eta herriko jaiak antolatzeko. Azken hau dela eta, batzorde ireki bat izaten jarraitu gura dute, iazko jaietan hasitako bidean sakonduta. 

Osoko bilkuran harturiko beste erabaki batzuk antolaketa kontuei dagozkie. Garaiko udalbatza hiru hilabetean behin batuko da gutxienez. Plenoak arratsaldeko 19:00etatik aurrera egingo dituzte. Batzorde orokorrean zazpi zinegotzietatik bostek parte hartuko dute. EAJko hiruk, eta Herriko Taldeko bik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!