Garaiko Udalak hondakin uren araztegi berria eraiki du

Anboto 2022ko abu. 1a, 13:53

Azpiegitura berriak 200 bat lagunek sortutako hondakin urak arazteko ahalmena izango du. Hori horrela, “egungo beharrizanei eta datozen urteetan aurreikusi direnei erantzuteko gauza” izango dela azaldu du udalak.

Araztegi berria eraiki ostean, zenbait astetan probaldian egon da, behar bezala funtzionatzen duela egiaztatzeko. Ondo funtzionatzen duela baieztatuta, isuriak ekidin, hondatuta zegoen putzu zaharra kendu eta kutsatutako lur-eremua berreskuratu dute.

Azpiegitura berriak 200 bat lagunek sortutako hondakin urak arazteko ahalmena izango du. Hori horrela, “egungo beharrizanei eta datozen urteetan aurreikusi direnei erantzuteko gauza” izango dela azaldu du udalak. Udalak prensa oharrean azaldu duenez, araztegiak Garaiko herriguneko etxebizitzen, jatetxeen eta landetxeen hondakin urak araztuko ditu. Egitasmoak 219.000 euroko kostua zian du. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak 160.000 euroko ekarpena egin diote proiektauri. Garaiko Udalak erakundeen arteko lankidetza azpimarratu du, “udalerri txiki honentzat horren beharrezkoa den azpiegitura eraikitzea ahalbidetu duelako”. Azpiegitura eraikitzeko, 2.000 metro koadroko azalera daukan lursaila eskuratu du Garaiko Udalak. Hala, azpiegitura zaharra zegoen eremua berrerabili eta lehengoratu dute.

Garaiko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak duela 40 urte eraiki zuten Garaiko herriguneko hondakin urak jaso eta arazteko instalazio bat. Udalak gogoratu duenez, ordutik hona, baina, herrigunean bizi den familia-kopurua hazi, bi landetxe zabaldu eta jatetxeen jarduera areagotu da. “Horren ondorioz, duela berrogei urte eraikitako azpiegitura zaharkituta geratu eta hondatu ere egin zen. Egoera konpondu guran, herriguneko biztanleen beharrizanei erantzun, isuriak saihetsi eta egun indarrean dagoen araubidea betetzeko asmoz, Hondakin Uren Araztegi berria eraikitzeko prozesua abian jarri zuen Garaiko Udalak 2020ko azaroan”, gaineratu dute oharrean.

Hilabete hauetan guztietan, Eusko Jaurlaritzako URA agentziaren proposamenak aintzat hartuta, araztegi berriaren behin betiko proiektua idatzi dute, baimenak lortu dituzte, Eusko Jaurlaritzan eta Bizkaiko Foru Aldundian dirulaguntzak lortu, obra esleitzeko lizitazioa egin, obrak egin eta ingurua berreskuratzeko lanak egin dituztela dio udalak.

“Hondakin-uren araztegi berriak behar den moduan araztuko ditu jasotako emariak, eta ibaira itzuliko ditu URA-Uraren Euskal Agentziak eskatzen dituen ingurumen-irizpide guztiak betez. Hala, instalazio berriak Garaiko herriguneko hondakin-urak eraz arazteaz gain, Oar auzoko errekaren goi-ibarraren ingurumena ere hobetzen lagunduko du”, gaineratu du udalak. Hondakin Uren Araztegi berria trinkoa da eta lurperatuta dago. Arazketa-sistemak bi modulu bereizi ditu, batetik, dekantazio-tanga eta, bestetik, oxidazio osoko araztegia. Arazketa hiru alditan egiten da: lehen mailako dekantazioa, oxidazio biologikoa eta bigarren mailako dekantazioa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!